Orioko Udalak galdetegi bat banatuko du herritarren artean, oriotarrek hondakin organikoak birziklatzerako orduan dituzten ohiturak ezagutzeko. Besteak beste, herritarrek hondakinak gaika bereizteko ohiturarik baduten, konposta egiteko prest izango liratekeen edota konposta egiten ikasteko ikastaroa egingo luketen jakin nahi du Orioko Udalak.
Galdetegia, herriko etxe guztietara banatuko dute eta herritarrek irailaren 1a baino lehen bete eta entregatu beharko dute. Galdetegia udaletxeko iradokizunen buzoian utzi edo posta elektronikoz bidali dezakete herritarrek,
bulegoak@oriokoudala.com helbidera.
Hondakinen mahaia
Hondakinen kudeaketaren inguruko galdetegia herritarrei pasatzea Orioko Udalak sortu duen Hondakinen Mahaiaren proposamena izan da. Batzorde horretan parte hartzen dute Udalbatza osatzen duten Bildu, EAJ eta Orain udal taldeek eta Orioko Zero Zabor taldeak.
Orioko Udala hondakinen kudeaketaren gaia aztertzeko ahalegin berezia egiten ari da. "Gaur egun zaborra arazo larrienetako bat dela ohartu eta arazo horri konponbidea emateko konpromisoa hartu behar dugu. Norbere etxetik hasi eta erakundeetaraino. Guztiok dugu gehiago egiteke bide honetan" azaldu du Orioko Udaleko Hondakinen Mahaietik.