Pilotalekuko sei espezialistak Kutxa Torneoa-Banakako 30. Erremonte Txapelketa Ofiziala jokatuko dute, bihartik aurrera, eta horien artean, seigarren urtez, Jon Juaristi zarauztarra ariko da lehian. Gainerako bostak ez bezala, Juaristik aurretiko txapelketa bat jokatu eta irabazi egin behar izan du txapelketa nagusian jokatzeko.
«Urte askoan jokatu dut abuztuko lehiaketa honetan, eta, egia esan, berriro jokatzeko gogoa nuen», nabarmendu du. «Iaz ez nuen txartela lortzerik izan eta triste geratu nintzen. Gogotik prestatu nintzen Kutxa Torneoan sailkatzeko, baina lehenengo kanporaketan kaleratu ninduten. Aurten, ordea, helburua bete ahal izan dut».
Multzo selektiboa
Zarauztarrarentzat «ezinbestekoa» da erremontista onenekin aritzea eta lehiatzea. Horrexegatik, «larunbatean finala galdu izan banu, desilusio handia izango zen. Buru-belarri aritu naiz entrenatzen, eta uste dut nire maila modalitateko bost onenekin lehiatzeko modukoa dela». Onenen multzo selektibo horretan, behintzat, bere tokia egin du beste behin. Baina ez du lasaitzeko astirik hartuko, partida konplexuei egin beharko baitie aurre.
Larunbatean emango diote hasiera Kutxa Torneoari, eta txapelketa irekitzea tokatuko zaio zarauztarrari. Aurrez aurre, Patxi Zeberio Zeberio II.-a izango du, 16.00etatik aurrera, Hernaniko Galarreta frontoian. Neurketari begira, gauzak argi ditu: «Gerra pixka bat eman nahi dut kantxan. Ea horrela ezustekoa eman dezakedan». Norgehiagoka oso gogorra aurreikusten du. «Biok aurrelariak gara, eta ez gara oso fin moldatzen sakearekin; opari dezente egiten dizkiogu aurkariari. Beraz, piloteo asko izango dela uste dut. Partida oso fisikoa izango da, hain zuzen ere».
Txapelketa bat jokatzetik badator ere, ez dago nekatuta Juaristi. Aitzitik, moralki oso ongi dagoela dio: «Ongi etorri zait aurretiko txapelketan aritzea, jada hiru partida jokatu baititut. Horri esker, lehiakortasun puntu onean nago, eta txapelketa aurretik sentipen hori izatea inportantea da». Alde horretatik, Zeberio «hotzago» dagoela iritzi dio.
Ligaxka, aurrena
Jon Juaristi, Julen San Miguel, Javier Urriza, Patxi Zeberio Zeberio II.a, Miguel Mari Urrutia Urrutia I.a eta Koteto Ezkurra dira Banakako Erremonte Txapelketa Ofizialeko protagonistak. Baina hasierako ligaxkan ez dute guztiek hartuko parte. Iazko txapeldun Ezkurrak eta txapeldunorde Urrutiak finalerdietan ekingo diete, abuztuaren 25ean; eta gainerako lau erremontisten artean jokatu beharko dute ligaxka. Finala irailaren 8an izango da.
Juaristi ez da azken txanpako partidatan pentsatzen hasi oraindik. Urrun ikusten ditu finalerdiak eta finala. «Larunbateko partida dut orain buruan. Ligaxka hiru partidaz osatuta dago, eta luze joango da. Nire helburua Kutxa Torneorako txartela lortzea zen, eta behin helburua beteta, partidaz partida joango naiz. Emaitzen arabera, ikusiko dut gehiago lor dezakedan ala ez».
Sasoiko aurkitzen da pilotari zarauztarra, eta «ilusio handiarekin» txapelketaren atarian: «Norgehiagokak bukaerara arte borrokatu nahi ditut, eta, jakina, zeozer lortzea gustatuko litzaidake. Baina, objetiboki pentsatzen jarrita, jakin badakit zaila izango dela; izan ere, azken txanpara iristeko muga hori ez dut gainditzen. Pauso bat aurrera eman nahiko nuke, baina ez da erraza izango». Orain arte ez da finalerdietara iritsi; urte batean, txapelketaren egitura aldatu zutenez, ligaxka gisa jokatu zuen finalerdia, baina hori izan zen salbuespen bakarra.