Iñaki Errazkin: "Zein da arazoa, atez ateko hondakin bilketa ala Bildu?"

Nerea Uranga 2012ko abuztuaren 3a

[caption id="attachment_48875" align="aligncenter" width="350" caption="(Argazkilaria: Nerea Uranga)"]Errazkin[/caption] Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu kargua joan den uztailaren 23an hartu zuen Iñaki Errazkinek (Azpeitia, 1975). Aurretik, urtebetez, Martin Garitano diputatu nagusiaren kabinete burua izan da. Hondakinen auziagatik uztailaren 6an, zentsura mozio bidez, EAJk, PSE-EEk eta PPk, diputatu kargutik kendu egin zuten Juan Karlos Alduntzin. Errazkinek kargu berrian daramatzan bi aste eskas hauetan, Alduntzinekin (orain kabinete burua) elkarlanean jardun du. «Bakoitzak bere arloan ditugun apustuen eta erronken inguruan lanean eta Ingurumen departamentua ezagutzen». Ingurumen diputatua zara orain, baina aurretik bertan lantzen duzuen  hainbat gai ondo ezagutuko zenuen; hondakinen kudeaketa kasu, ezta hala? Bai, halaxe da. Aurreko legealditik hondakinen kudeaketarako kontsortzioko kidea izan naiz; aurrena, Urola Erdiko Udal Elkartearen izenean, eta azken urtebetean diputazioko ordezkari bezala. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren enpresako administrazio kontseiluan ere egon naiz. Beraz, azken urte honetan eman diren pausoen berri zuzena izan dut. Orain horri diputatu bezala aurre egitea egokitzen zait. Egoera eznormal batean hartu behar izan dut langintza hau; kargu honetan Alduntzinek egon beharko luke, urtebetean lan txukuna egin duelako. Baina departamentutik eta gaitik harago dihoazen arrazoi politiko eta elektoralak tarteko, niri egokitu zait kargua hartzea. Eta ni Alduntzinek jarritako oinarri hoiei segida emateko prest nago. Hondakinen Kudeaketa Plana aurkeztu zuen diputazioak. Han, besteak beste, Lapatx eta Urteta zabortegiak 2014rako ixtea aurreikusten da. Plana aurkeztu da, baina orain zer? Hondakinen Kudeaketa Plana Aldundiak gobernu bezala mahai gainean jartzen duen instrumentua da. Gure ustez, une honetan hondakinen inguruko kudeaketako norabidean Gipuzkoara eta datozen urteetara begira egindako plan bat litzateke. Gaur egun mahai gainean dauzkagun errealitatea eta asmoak kontuan hartu, eta kudeaketak nondik nora jo beharko lukeenaren proposamena da plana. Malgutasun handiko tresna da azpiegiturei dagokionez; plan berak aldatzen edota eboluzionatzen joateko aukerak eskaintzen dituen azpiegiturak jasotzen dituelako planak. Hondakinen kudeaketa formalki udalen eskumena da, eta Gipuzkoan udalak mankomunitateetan antolatuta daude. Gero, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak udal elkarteen gaindiko azpiegituren ardura dauka. Beraz, hondakinen plan honen  bilakaeraren erabakiak kontsortzioan, mankomunitateetan eta udaletan hartu behar dira; haiek direlako hondakinen kudeaketaren eta ordaintzeko ardura izango duten instituzioak. Diputazioak plan edo instrumentu hau helburu bikoitzarekin jarri du. Batetik, egungo errealitatea, asmoak eta lortu nahi diren helburuak kontuan hartuta, zein bideorri egin beharko litzatekeen erakusten du. Hondakin gutxiago sortu, eta gero birziklatu eta berrerabiltzeko helburuarekin, hau da hondakinen bilakaera zirkularra jasotzen da, sortutako hondakinari nolabait berriro bizia emanez. Hau da, eztabaidaren oinarrian hartu beharko genukeena. Eta, bestetik, zeinek zer erabaki behar duenaren hurbilketa egiteko plan bat da. Legitimitatearen inguruko kontu honek sortu du zalaparta gehien. Baina plana batzar nagusien gehiengoaren eta udalen gehiengoaren inguruan ematen ari den eztabaidan laguntzera datorren instrumentu bat da. Plana, Gipuzkoara begira, bai eragileen artean, bai erakundeen artean ados jartzeko helburuarekin aukeztu dugu. Beraz, planaren bilakaera efektiboa eta praktikoa eskumenak dituzten instituzioena da, eta horiek udalak dira. Guk plana mahai gainean jarri dugu, eta udalen babesa badu, kontsortzioan honen inguruan eztabaidatu beharko da, baina gero erabaki zuzenak udalek hartu beharko lituzkete: Lapatx itxi, konpostaguneak, Urola Erdi eta Debabarrena artean tratamendu mekaniko biologikoko planta... jasotzen dira planean. Erabakiok eskumenak dituzten instituzioek hartu beharko lituzkete. Aldundiak ez du inongo eskumenik hondakinen inguruan; plana, lurralde osoa kontuan hartuta, bideorria adostu dadin jarri den tresna bat da. Horren inguruan eztabaidatu, eta gero erabakiak hartu beharko dira. Urola Kostan edukiontzien sistema dago martxan. Atez ateko bilketa sistemarekin lortzen den birziklatze tasa ezin al da bermatu edukiontziekin? Bilketa sistema baino gehiago, bilketa nola egiten den aztertu behar da. Alegia, hondakinak birziklatzea eta berrerabiltzea ez da borondatezko kontu bat, derrigorra izan behar du; erantzunkizunezko kontua da, eta instituzioek hori bermatu beharra daukate. Bestela arduragabekeriaz jokatuko genuke. Adibidez, ibaira ezin da ez zaborrik eta ez kutsatutako urik  bota. Denoi eragiten digun kontu bati buruz  ari gara, eta, beraz, derrigorrezkoa izan behar du ondo egitea, eta ondo egiteko baliabideak jartzea. Eta instituzioek hori bermatzeko urratsak eman behar dituzte. Planteamendu horrekin, jarritako sistemek emaitza hobeak ematen dituzte. Egiaztatuta dago borondatezkoa den lekuetan emaitzak ez direla nahiko genituzkeenak; hori datu objektibo bat da. Azpeitian ere bost edukiontzi gehi beste batzuk ditugu, baina gaur egungo errealitatea da %30 birziklatzetik ez garela pasatzen. Eta, egia da, atez atekoaren bidez, edota norbera bere hondakinen arduradun egiten den kasuetan,%80tik gorako emaitzetara iristen dela hondakinen biziklatzea.Honenbestez, datuak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta erabakiak hartu behar dira. Guk, Aldundi bezala, ez diogu esango udal bati edota mankomunitateei zein sistema jarri behar duten. Gero, alderdi politiko edo eragile bakoitzak bere iritzia eduki dezake. Gipuzkoan batzuk atez atekoaren bidea hartu dute, beste batzuk bide hori hartzeko asmoa dute, eta beste batzuk beste bide batean izango dira. Zentzu horretan,  Aldundiak aurkeztutako planak malgutasun hori islatzen du. Gainera, eboluzionatzen eta gehiagora joango den dinamika edo bilakaera baterako azpiegiturak planteatzen ditu. Gure erronka, pixkanaka eta ahal den azkarrena, Gipuzkoan birziklatzeari dagokionean ahalik eta emaitza onenak lortzen joatea da; 2020ra begira hondakinen %75 birziklatzea. Balioa duen eta probetxugarria den materia hori bere zirkuitura itzultzea da helburua, bestela arduragabekeria handia litzateke. Hori da instituzioek gizartearen parte hartzearekin lortu behar dutena. Urola Kostan atez atekoaren kontrako eta bosgarren edukiontziaren aldeko plataformak sortu, eta sinadurak bildu dituzte. Azpeitian eta Azkoitian, berriz, EAJren ekimenez bildu dituzte. Haien datuen arabera, Zarautzen 8.000 eta Azpeitian bi asteburutan 1.200 sinadura bildu dituzte. Hori nola baloratzen duzu? Gizartean honen inguruko eztabaida zabalduta dagoela da guk baloratzen duguna. Baina atez ate ez eta birziklapena bai esaten denean, eztabaida bere parametroetan ez da kokatzen. Alegia, bosgarren edukiontzia defendatzen dutenean, %35 baino gehiago ez birziklatzea al da defendatzen dutena? Bosgarren edukiontzia borondatezkoa den tokian non dago hori baino emaitza hobea? Horrekin zer nahi da transmititu, ez dela hobetu nahi? Sinadurak biltzeko orduan esaten ari diren kontu askorekin (arraina ezingo dela jan nahi denean...) eztabaida erabat nahasten dute. Gauza berri eta ezezagunaren aurrean beldurra izaten da, probatu arte ez delako jakiten aldaketak zer suposatzen dion bakoitzari. Baina iruditzen zaigu hor atzean interes politiko eta elektoralak daudela. Birziklatzean eragin behar den horretan, helburuetan ados bagaude, eztabaida arrazonatzeko deia egin behar da. Instituzioetan hori denon artean egiteko, alderdi guztioi ahalegin bat egitea eskatzen digula denok badakigu. Zer lortzen dugu elkarri eraso eginda? Zer lortu nahi da, hobekuntza geldiaraztea? Edo Bildu desgastatzea? Hori bada helburua, esan dezatela garbi, bestela eztabaida hau ezin da ulertu. Kontua Azpeitira ekarrita: Azpeitian bosgarren edukiontziaren sistemarekin urte dezente daramatzagu, eta emaitzak ikusi besterik ez dago; %10-%15ek bakarrik erabiltzen dute bosgarren edukiontzia. Orain arte jende hori guztia non egon da? Orain sortu al da arazoa? Zein da arazoa atez ateko bilketa ala Bildu? Gauza berri baten aurrean erraza da beldurra eta mamuak zabaltzea. Egun Gipuzkoan atez atekoa martxan den herrietan dago eztabaida gutxiena; pasatu dute egoera hori, eta lasai daude. Sistema askoren inguruan eztabaidatu genezake, baina ez ditzagun gauzak bere lekutik atera. Atez atekoa horren txarra eta zikina balitz, Hernani, Oiartzun, Usurbil eta Antzuolako herritarrak gaur egun asaldatuta egongo lirateke. Kontu honetan, uste dut sosegu pixka bat beharrezkoa dela. Hondakinen kudeaketa politizatu egin da. Hainbeste politizatu den gai bat despolitizatzerik ba al dago? Despolitizatzea baino gehiago, desalderdizatzeko joera izan beharko luke. Hondakinen kudeaketa gai politiko eta soziala baita. Atez ateko sistema ez du Bilduk asmatu. Biltzar batean, Kataluniako Gobernuak finantzatu eta bultzatzen duen Kataluniako hondakinen agentziako lehendakariarekin egon ginen. CIUkoa da, eta oso garbi dauka atez atekoa sistema dela eraginkorrena, eta PSCko alkateak dituzten zenbait udalek atez ateko sistema dute, eta defendatzen dute. Italiako iparralde guztian atez ateko sistema egiten da, baita San Frantziskon ere. Guzti horren atzean filosofia bat dago: hondakinei bilakaeran ahalik eta etekin eta probetxu gehiena nola atera. Eta gakoa bilketan dago, gehiena hor eragiten delako: hondakinak nahastuta bildutakoan sortzen da arazo handiena. Aurrena, gutxien nola sortu eta gero nola bildu, hori da oinarria. Bakoitzak bere apurra jarrita, eta bereizita jasota, balioa daukan material hori berriro erabiltzeko aukera dugu. Gainera, botatzen ari garen zenbait material oso garestiak eta urriak dira: zinka, brontzea... Eta guk zer jarraituko dugu material hori duten produktuak zabortegietara botatzen edota erretzen? Daukagun apur hori berrerabili beharra daukagu. Hondakinak beste material bat bezala ulertu behar ditugu, eta ez zabor bezala. Hor kokatu behar da eztabaida. Baita egingo diren azpiegiturak egiteko garaian ere. Gipuzkoarako gaur egun planteatzen den errauste plantaren tamaina kontuan hartuta, egun %20 azpitik gaude, eta hobekuntzak egiten joaten bagara, kopuru txikiagoa edukiko dugu. Gainera, Europak legez dioena da, 2020an birziklatu daitekeen materialik ezingo dela erre. Eta orduan zer egingo dugu bost urte edo gutxiago dituen erraustegi batekin? 20-25 urte beharko ditugu proiektua amortizatzeko, eta une honetan ez dago dirurik ez udaletan, ez mankomunitateetan, eta ez diputazioan. Aukera bakarra dago: birziklatzeari utzi, eta kopuru guztia erre; baina hori arduragabekeria galanta izango litzateke. Edo kanpotik inportatu erretzeko gaia, baina gaur egun kanpoko erraustegiak bideragarri izateko erretzeko hondakinak inportatzen ari dira. Bizkaian Zabalgarbi mantentzeko kanpotik hondakinak ekartzea planteatzen ari dira. Beraz, askoz malguago eta merkeago izango diren beste azpiegitura batzuen aldeko apustua egin behar da, posible delako. Hondakinen gaiaz gainera, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Sailean beste proiektu batzuk ere izango dituzue. Urola Kostari lotutakoren bat aipatuko al zenuke? Gipuzkoa mailan daukagun erronka garrantzitsu bat Pasaiko badiaren biziberritzea da, batik bat gune bezala bere lehentasuna duelako Gipuzkoari begira daukan arazoagatik. Eta lurralde ikuspegitik, gure gobernu dinamikan paradigma berri batekin lana egin behar dugu aurrera begira. Azken urteetan, lurralde antolaketan eta azpiegituretan egin diren planteamenduek iraunkortasun aldetik erabat lekuz kanpokoak izan dira: hainbeste azpiegitura, garraio modelo, etxebizitza kopuruak... Badugu garaia ikasteko eta zentzu horretan, beste instituzioekin elkarlanean, paradigma berri baten inguruan lan egiteko apustua egin dugu, eta horretan ari gara. Modu iraunkorrago eta orekatuago batean haziko den lurralde bat diseinatzera begira lanean ari gara. Lurralde oreka, azpeitiar bezala oso barneratuta daukadan kontu bat da. Zentzu horretan, Urola bailaran asko egiteko edo eskatzeko dagoela iruditzen zait. Gipuzkoaren eraikuntza lurralde ikuspegitik orekatua planteatu behar da: garraio, azpiegitura, zerbitzu... aldetik. Bestela, Donostialdeko ingurabide horrek zentralitatea hartu eta gainontzeko lurraldeak beste maila batean gelditzeko arriskua dago. Hala ere, Gipuzkoak gauza on bat dauka: hiriburuaren inguruan ez da hainbeste zentralizatzen lurraldea. Hori aberasgarria da, eskualdeetan eta herrietan bertan bizi eta lana egiteko eta mugitzeko joera mantendu dugulako, gabeziak gabezia. Baina, joera hori azken urteotan pisua galtzen ari da eta orekatzen saiatu behar dugu lurralde antolaketa eta diputazioko gainontzeko departamentuetatik. Kontu hori mimatu egin beharra daukagu.  Nire erronka hortik joango da iraunkortasunean oinarrituko den lurralde antolaketa bultzatzera, eta Gipuzkoa orekan oinarritzeko lanketa eginez. Azpeitiko alkate izandakoa zara. Udal batetik diputaziora zer aldatzen da? Gertutasuna eta dimentsioa aldatzen dira, besteak beste. Diputazioaren perspektiba aldatzen da, Aldundian dagoen jendeak duen soslaiaren arabera; perspektiba hori aldatzeko ikuspegia badago, bai. Nire ikuspegitik, udalak herritarrengandik gertuen dauden instituzioak dira, eta diputazioak udalen udal izan behar du. Hau da, Aldundiak udalak laguntzeko instrumentu bat izan behar du,  eta ez udalei agintzeko eta inposatzeko instrumentu bat. Zoritxarrez, azkenengo urte dezentetan asko egin da era horretara. Diputazioa udalekin elkarlanean proiektuak lantzeko instituzio bezala ulertzea da gure nahietako bat, baina horretarako aurretik udaletan zinegotziekin eta alkatearekin egon beharra dago. Gobernu honek badu alde horretatik gauza on bat: ardura postuetan aurretik zinegotzi edota alkate izandako pertsona asko gaude. Eta nik uste dut hori antzeman egiten dela. Udalen gainetik zaudela ulertzea akats bat da, eta horretarako arriskua egon arren, nik uste dut diputazioaren izaera hori aldatzen joateko lan egiten ari garela. Gertutasunean udalen berdina ez da inoiz izango diputazioa, baina lanean udalak lagun onak ditugu parte hartzea eta bestelako politika batzuk bultzatze aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide