[/caption]
Pasa den urteko irailean Oriok kolpe gogorra jaso zuen, traineruak TKE Ligan jokatzeko txartela galdu zuenean. Asko izan ziren herriaren ohoreaz hitz egin zutenak, trainerua Orioko herriarentzat ikur garrantzitsua izan delako hamarkada askotan. Dena dela, negu-udaberri garaia pasa denean, atzean geratu dira pasa den urrian eta azaroan herrian nagusitu ziren atsekabea eta tristura; orain, esperantza eta Orioko traineruak merezi duen postura igotzeko grina dira nagusi arraunlari eta herritarren artean. Gainera, denboraldia hasi zenetik oriotarrek lortu dituzten banderek, trainerua arraun elkarte handien ligan jokatzetik gertuago jartzen dute.
90. hamarkada «bikaina»
Oriotarren traineru horia San Miguel Ligako estropadetan ez badago ere, oriotarren ubera nabarmena da Kantauri Itsasoko Traineruen Liga nagusian. Izan ere, liga nagusia jokatzen duten 12 traineruetatik seik entrenatzaile oriotarra edo urtetan Orioko Arraun Elkarteari estuki lotuta izan dena dute gaur egun. Astilleroko entrenatzaile Jon Salsamendi oriotarrren iritziz, 1990. hamarkadan Oriok egin zuen lan «bikainaren» emaitza da hori. «Nire iritziz, 12 taldeetatik seik entrenatzaile oriotarra izatea harrigarria da. Nik neuk uste dut 90eko hamarkadan Oriok nagusitasun nabarmena erakutsi zuela traineru estropadetan, eta gaur egungo entrenatzaile gehienak hamarkada horretan Orioko traineruko arraunlariak izandakoak gara. Arraun Elkarte batek baino gehiagok arreta jarri zuten hamarkada horretan Oriok lortutako emaitzetan, eta iruditzen zait hortik sortu dela oriotar entrenatzaileen eskaera. Horrek ez du esan nahi onenak garenik, baizik eta urteetan erakutsitako lana eta emaitzak beste taldeei erakargarriak egiten zaizkietela», azaldu du.
Zumaiako entrenatzaile Santi Zabaletaren iritziz, gainera, entrentzaile sorta harrobi beretik ateratakoak izateak saltsa jartzen dion lehiaketari. «Egun entrenatzaile garenetatik askok urte batean edo bestean koinziditu izan dugu Orioko tostetan; beraz, ondo ezagutzen gara arraunlari bezala. Aurkako taldeak zuzentzen egoteak lehiakortasuna puntua sortzen du, baina mantentzen dugu harremana; lehiakortasun sanoa izan ohi da».
Ontzi barruko sentsazioak
Portugaleteko entrenatzaile Josean Olaskoaga
Aizperro-ren iritziz, ondo funtzionatzen duen ontzi batean arraunean egiten duen arraunlariak asko ikasten du, eta hori da TKE Ligan entrenatzaile oriotar ugari izatearen gakoa. «Traineru bat ondo ibiltzen denean, arraunlariek horretatik ikasi egiten dute, ontzian sentitzen diren sentsazioak bereziak dira eta. Esperientzia horretatik ikasitakoa beste taldeak entrenatzerako orduan aplikatzen dira. Entrenatzaile batek ez badaki ontzi bat ondo ibiltzea zer den, zaila da gauzak ondo egitea. Zortez Orion urte horietan traineruan izan garenok badakigu zer-nolako sentsazioak izan behar diren ontzi barruan, lana nola egin behar den uretan emaitza onak lortzeko» zehaztu du Aizperrok.
Arrauna Orio estilora
Horretaz gain, egun TKE ligan dauden entrenatzaile oriotarren iritziz Oriok arraunerako izan zuen tradizioak ere izan du zeresanik arraun entrentzaile oriotarren zabalkundean. «Orion arraun egiteko estilo jakin bat, filosofia bat eta izaera bat uztartzen dira. Oriotarrek beti bizi izan dute arrauna oso modu berezian, txikitatik oso presente izaten dute eta horrek arraunlariengan eragin handia izan du» azaldu du egun Zierbenako entrenatzaile Patxi Francesek, Orioko arraunlari ohiak.
Jose Luis Kortak ere, urteetako ibilbidea eta arrauna sentitzeko modua nabarmentzen ditu oriotarren sekretua bezala. «Oriotarrok, hondarribiarrek eta pasaiatarrek bezala historia handia dugu traineru estropadetan. Horregatik lortu ditugu horrenbeste garaipen. Orion beti izan da arraunerako afizioa, esan daiteke oriotarrek odolean daramagula arrauna. Ni, esaterako, ume-umetatik hasi nintzen arraunean, eta zahartxeagoa nintzenean, hemezortzi urterekin sartu nintzen Orioko Arraun Elkartean lehiaketetan parte hartzeko».
Norbere ibilbidea eta teoriak
XX. mendeko bigarren hamarkadan, trainerua lan-tresna izatetik kirol ontzia izatera igaro zen, baina Orioko traineruak hamarkada askotan zehar betiko arraunketa mantendu izan du presente. «Badaude bi edo hiru kontzeptu Orion beti sendo mantendu direnak, luzera eta arraunketan indarra aplikatzeko era izan dira. Orioren ikurra arraunketa luze, sakon eta potentea izan da», azaldu du Salsamendik.
Olaskoagaren iritziz, Orion arraun egiteko estilo jakin bat izan bada ere, gaur egun estilo eta arraunkera asko daude. «Oriok tradizionalki izan duen arraunketa, arraunketa luzea eta agresiboa izan da. Gaur egun materialak ere aldatu egin dira eta horrek arraunketa aldatzea ere ekarri du. Ni neu betiko arraunketaren aldekoa naiz, arraunketa klasikoa, luzea eta lasaia atsegin zait. Hori aplikatzen saiatzen naiz zuzentzen dudan taldean, baina arraunketa denak errespetatzen ditut. Uste dut denek funtzionatu dutela, batzuk erriorako hobeak izan dira, eta besteak itsasorako».
Zabaletaren esanetan, berak arraun ibilbidean izan dituen entrenatzaileek erakutsitakoa presente izaten du. «Nik neuk aulki mugikorra eta tostako arraunketa egin ditut, entrenatzaile asko izan ditut. Horietatik guztietatik ikasi dudanarekin, onena hartu dut, eta neure teoria sortu dut».
Iritzi berekoa da Hondarribiako entrenatzaile Mikel Orbañanos ere; arraunketa oinarria ikasita, entrenatzaile bakoitzak bere bidea jarraitu duela uste baitu . «Nik uste dut Orion oinarria eta arrauneko balore batzuk ikasi nituela, baina entrenatzaile bakoitzak gure estilo propioa dugu, eta nik neuk estilo hori jarraitzen dut Hondarribia entrenatzen dudanean».
Astilleroko entrenatzaile Salsamendik uste du, zuzentzen den proiektuaren izaera presente izan behar da arraunketa aukeratzerakoa. «Ni beti saiatzen naiz Orion ikasitako kontzeptu hori presente izaten entrenatzen ditudan taldeetan. Entrenatzaile bakoitzak bere taldea ezagutzen du, eta horren arabera konbinatu behar ditu kontzeptu horiek. Nik beti aulki mugikorra eta tostako arraunketa uztartu dituzten proiektuak zuzendu ditut; beraz, saiatu naiz bi modalidadeetarako baliagarria den arraunketa kontzeptua garatzen, bestela ezinezkoa litzateke bi arraunketa mota horiek proiektu batean lantzea».
TKE «arraro», Orio gabe
Orioren jaitsierak Orioko Arraun Elkarteko kideak ez ezik, urtetan zehar Orion arraunean jardun eta egun TKE Ligako beste taldeetan aritzen diren oriotarretan ere eragin du. PatxiFrancesek azaldu duenez, «pena handia» ematen dio Orio San Miguel Ligan ez egoteak. «Hala ere, uste dut taldeari ondo etorriko zaiola indar berritzeko. Orio jeistearekin batera argi geratu da, inork ez duela bere postua seguru, hau da, gauzak gaizki irteten badira talde guztiak jaitsi daitezkeela beheko mailetara».
Joxean Olaskoagak, berriz, «arraro» ikusten du TKE Liga Orioko trainerurik gabe. «Iaz, arraroa izan zen Orio horrenbeste sufritzen ikustea eta play-off-ean maialaz jeisten ikustea kolpe handia izan zen. Hala ere, orain arte bezala jarritzen badute, uste dut ez dutela datorren urtean berriz ere TKE Ligan izateko arazorik izango».
Kortaren iritziz, berriz, Orioko trainerua KAE1 mailan aritu arren, beti izango da Oriokoa, «edozein talderi beldurra emango diona eta errespetatu beharreko klub handia».