Miguel de Unamunoren lehen eleberriaren izenburuari ohore eginez, Zarauzko Photomuseun Argazki eta Zinema Museoak Bakea gudan (Paz en la guerra) behin-behineko erakusketa berria aurkeztu du. Oraingo honetan, II. Mundu Gerrari buruzko bestelako ikuspegia eskaini nahi izan du; izan ere, Royal Air Force edo Erresuma Batuko aire armadako irrati-telegrafista batek aipatutako gatazkan bildutako argazkiak eta dokumentuak jarri dituzte erakusgai, Ikeder enpresaren laguntzarekin antolatuta.
Ingalaterran irrati-telegrafista gisa trebatu ondoren, Egiptora eta Ziprera bidali zuen armadak bilduma bitxi honen egilea. Horrexegatik, bildutako argazki gehienak bi herrialde horietan ateratakoak dira; 1945ekoak, gehienak. Hala ere, Photomuseumera hurbiltzen direnek ez dituzte gerra-akzioei edo estrategiei buruzko irudi garratzik ikusiko. Ez dago bonbardaketarik edo tiroketarik, ezta hilketarik edo sarraskirik ere. Erakusketaren izenburuak argi adierazten duen bezala, parada militarren testigantza grafikoa jasotzen du Bakea gudan lanak.
Oro har, gerraren atseden momentuetako eta gerra bukaeraren ondorengoko jarduerak jasotzen ditu, eta, nolabait esateko, gatazkaren alderik adeitsuena islatzen du. Gatazkaren beste aurpegia litzateke, zalantzarik gabe. Eszena horietan errekruten aisialdi, kultur edo kirol jarduerak daude; esaterako, golfean jokatzen, txirrindularitza lasterketetan, igerilekuan, antzezlan emanaldietan eta kafetegietan.
Erakusketa duela aste pare bat zabaldu zuten, eta datorren abuztuaren 26a bitartean bisitatu ahal izango da; asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Abuztua bukaeran, berriz, Pirmin Treku dantzari zarauztarraren atzerabegirakoa egingo du argazki museoak.


