Gaur eguerdian Getaria-Tolosa emakumezkoen traineruak Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi du Orioko uretan. Lehen luzean norgehiagoka estua jokatu dute Getaria-Tolosak eta Zumaiako traineruek, baina ziabogaren ostean zumaiarrak atzean geratzen joan dira eta helmugara iristeko 700 metro falta zirenean 12 segunduko aldea ateratzen zion Getaria-Tolosak Zumaiari.
Azkenean 11:01,76 denboran amaitu du Getaria-Tolosak 2.778 metroko estropada. San Juango trainerua sartu da bigarren postuan eta hirugarren Zumaia izan da, Getaria baino 17 segundu atzerago helmugaratu baita. Oriotarrak, etxeko trainerua, laugarren postuan sailkatu da.
Getaria-Tolosako ordezkariek azaldu dutenez, “aurreko estropadetan banderak irabaztea lortu ez badugu ere, lan ona egin dugu eta konfindantza hartu dugu. Euskadiko Txapelketa egutegian gorriz markatuta genuen, hori irabaztea denboraldiko helburu nagusietako bat zen eta lortu dugu. Oso gustura gaude egindako lanarekin”.
