Aurrekontuak aurrekontu, festa jendetsuak izan dira saninazioak

Nerea Uranga 2012ko abuztuaren 2a

Argazki galeria ikusteko, klikatu hemen Gaur goizean festa handiaren arrastoak geldituko dira kalean. Baina bukatu dira aurten saninazioak. Diru gutxiago gastatuta, baina festa bete-betean izan da Azpeitian, asteburuan hasi eta gaur goizaldera arte. «Egungo egoera kontuan hartuta, diru gutxiago gastatu da festetarako, baina, hala ere, oso ondo joan dira», zioen atzo Mikel Ibarzabalek, festa zinegotziak, oraindik herria festan murgilduta zegoela. Bai Ibarzabalek eta bai Eneko Etxeberria alkateak herritarrek festetan izan duten parte hartzea nabarmendu dute. «Bai Marea Arrosakoak, bai herritarrak, baita kanpotik etorri direnei eskerrak eman beharrean gaude. Jendeak, eta batik bat gazteek festak ondo ateratzeko eta hain ederrak izateko lan egin dute, eta hori eskertzekoa da», azaldu dute. Atzo Inazio bigarrena ospatu zen Azpeitian. Goizetik eguerdira artean ekitaldi instituzionalek izan zuten festetan protagonismoa. Goizeko hamarretan Azpeitiko udal agintariak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta Eusko Jaurlaritzako Isabel Zelaa elkartu ziren herriko plazan. Bertan, Corrugados Azpeitiko langileak zeuden bilduta, eta Zelaari haien egoeraren berri emanez gutun bat eman, eta langileen etorkizuna argitzen laguntzeko eskatu zioten. Segidan, Azpeitiko Musika Bandak eta Izarraitz Txistulari Taldeak lagunduta Arana kaleraino korporazioan joan ziren agintari politiko guztiak; baina, Azpeitiko EAJko zinegotziek ez zuten parte hartu korporazioan. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Martin Garitano diputatu nagusia tartean, Azpeitian gelditu ziren, Loiolara joan gabe. Etxeratekoak Loiolan Urtero bezala, Etxeratekoek preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zuten Loiolan, Arrupe hotelaren atarian, eta ertzainek inguraratuta. Etxerateko ordezkari batek Zelaari preso politikoen inguruko txostena eman zion, eta larri gaixo dagoen Josu Uribetxeberria presoa askatzeko eskaera eman zion. Garitanok ere hura izan zuen gogoan, plazan egindako adierazpenetan. Zelaak, berriz, Inaxio Uria gogoratu zuen. Ordezkari politikoak Loiolan ziren bitartean, Azpeitiko plazan bakailao txapelketa hasi zuten. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa jokatu zen Sanagustin kulturgunean. Horrez gain, saninazioetako azken zezenketa ere izan zen zezen-plazan. Ordu berean, Done Jakue kalean zezen txikiekin jolasak egin zituzten. Atzoko gauko festa giroa goizarekin uztartu da. Doctor Deseo, Ingo al deu? taldeen kontzertuak eta txarangen kalejirak izan baitira ordu txikietan. ---------------------------------- Bakailao txapelketako egurrezko goilara Zulozabalekoek lortu dute Atzo eguerdi artean Azpeitiko plazan V. Bakailao txapelketa izan zen. Aurtengoan ere harrera bikaina izan du Festa Herrikoien Batzordeak antolatutako txapelketak. 33 lagunek hartu dute parte, eta horietatik zazpi herriko elkarteetako ordezkariak izan dira. Txapeldun geldituta egurrezko goilara Zulozabal elkarteko Aitor Bastidak eta Jeronimo Muñozek irabazi dute. Goizeko hamaiketarako hasi ziren parte-hartzaileak bakailaoa pil-pil erara prestatzen eta horretarako 40 minutuko denbora izan zuten. Txapelketaren antolatzaileek kilo bakailaoa, olioa eta baratxuria jarri zituzten parte-hartzaile bakoitzaren eskura. Pixkanaka-pixkanaka herriko plaza jendez betetzen hasi zen eta herritar ugarik jarraitu zuten gertutik sukaldarien lana. Zaporea, itxura eta saltsa Epaimahaia Mikel Aranburu futbolari ohiak, Juantxo Ibarmia sukaldariak eta Leire Betegi eta Maria Luisa Irulegi herritarrek osatu dute. Hauek aurrena banan bana bakailao guztiak dastatu zituzten eta guztietatik sei onenak aukeratu zituzten. Zaporea, itxura eta saltsa eduki zituzten kontutan. Sei onenak aukeratu, berriro epaimahaikideek dastatu eta segidan irabazleak edo hiru onenak aukeratu zituzten. Sari banaketa jarraitzeko ere jende ugari bildu zen herriko plazako kioskoaren aurrean. Behin txapelketa bukatutakoan, prestatutako bakailaoarekin herri bazkaria egin zuten azoka plazan. Sarituak Txapeldunak. Zulozabal elkarteko Aitor Bastida eta Jeronimo Muñoz. 9,25 puntu eskuratu zituzten. Sari gisa, txapelketako egurrezko goilara eta Kirurin lau lagunentzako otordua jaso zuten. Bigarrenak. Luis Etxeberria Kafe eta Jon Arruti. 8,75 puntu lortu zituzten. Sari bezala, Sagasti Zahar jatetxean bi lagunentzako otordua jaso zuten hauek. Hirugarrenak. Karmen Altuna eta Mikel Otaegi. 8,5 puntu eskuratu zituzten. Bi kilo txuleta eta ardo kaxa bat jaso zituzten sari bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide