
Hamabi ordu inguru igaro zuten auzotarrek horma irudia margotzen, pasa den larunbatean (Argazkilaria: Gari Berasaluze)
Abuztuaren 11 egutegian gorriz margotutako eguna da zarauztarrentzat. Santa Klara eguna da, festarako eguna. Egun horretan kolore biziz janzten dira Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde; ohiko banderatxoak zintzilikatzen dituzte auzoko balkoietatik eta herritarrak ez dira etxetik irteten festen harira urtero sortzen duten elastikorik gabe. Datorren larunbata izango da egun handia, baina ospakizunak luzatu eta hainbat egunez izango da zer gozatua auzoan. Izan ere, Azken Portuko Komisiyuak urtero legez egun askotako egitaraua prestatu du.
Asteburu honetan ekingo diete auzotarrek ospakizunei. Hitzordu bikoitza prestatu dute larunbaterako. 15:30etik aurrera Azken Portuko Mus Txapelketa jokatuko dute, plaza gorrian. Bertan parte hartu nahi dutenek 20 euro ordaindu beharko dute bikoteko, plazan bertan. Askotariko sariak banatuko dituzte muslari trebeenen artean; zortzigarren sailkatzen den bikotearentzat ere izango da saria. Garaileek txapela, garaikurra eta 150 euroko txartela jasoko dute; bigarren sailkatzen direnek, berriz, garaikurra eta 100 euro.
Hirugarren eta zortzigarren postuen artean sailkatzen direnek afari bana irabaziko dute herriko hainbat jatetxetan, Aiten Etxe, Argiñano, Zubi Ondo, Manuela, Itxas Berri eta Basarrin, hurrenez hurren. Auzoko bikote onenak Gau Txori jatetxean bi lagunentzako afaria eskuratuko du.
Larunbat iluntzerako, berriz, VII. Bertso Tourra antolatu dute. Auzoko tabernetan zehar bertso doinuak nagusituko dira hala larunbatean, 20:00etatik aurrera. Beñat eta Unai Gaztelumendi eta Agin Rezola bertsolariak izango dira aurtengo gonbidatuak.
Horma, apainduta
Goizeko 08:30ak aldera hasi ziren pasa den larunbatean horma-irudia margotzen. Hainbat lagunek hartu zuen parte ekimenean, eta hamabi ordu pasatxo eman zituzten pintzelei eraginez. Aurten Araba eta Aitza kaleen artean dagoen lantegi zaharreko horma apaindu dute, kolore gorriz.
Bestalde, festetako elastikoak—Idoia Aranburuk irabazi du aurtengo elastiko lehiaketa— zein hilaren 12an egingo duten herri bazkarirako txartelak jarri zituzten salgai pasa den asteburuan.
Antolatzaileek txartelak lehenbailehen erosteko gomendatu dute, agortu aurretik. Helduek hamabi euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek sei euro. Horrez gain, dagoeneko zabaldu dute Patxi Iruretagoienaren omenezko marmitako txapelketan izena emateko epea. Elastikoen postura edota Isabel tabernara jo beharko da horretarako edota azkenportua@gmail.com helbidera mezua bidali, abuztuaren 8a baino lehen.
Aurten lehenbizikoz iaz zendu zen auzotarraren oroimenez egingo dute lehiaketa.
