Aurten ere nazioarteko surf egutegiko txapelketa garrantzitsuenetariko bat jokatuko dute Zarautzen. Seigarren urtez jarraian, ASP Men´s Star Events zirkuituko sei izarreko proba, San Miguel Pro Zarautz, antolatu du ZSE Zarautz Surf Elkarteak. Abuztuaren 28tik irailaren 2ra goi mailako surfaren eskenatoki izango da kostaldeko herria, hala. Orotara, nazioarteko 150 surflari onenak lehituko dira bertan. Besteak beste, iazko irabazle eta munduko bosgarren surfer onena den Gabriel Medina brasildarra eta munduko surf sailkapenean lehen postuetan dauden Matt Banting australiarra eta William Cardoso brasildarra bertan izango direla aurreikusi dute.
Aritz Aranburuk ere ez du galduko hitzordua, eta iazko arantza kentzen saiatuko da. Pasa den urtean bigarren txandan lehiatu zen Mario Azurza herrikidearekin eta Imanol Yeregi zumaiarrarekin batera, baina ez zuen lortu hurrengo txandan jokatu ahal izateko adina puntu.
Bere jaioterrian surf maila ona erakutsi eta txapela irabazteko aukera paregabea izango du, beraz, zarauztarrak abuztuaren 28tik irailaren 2ra. Izan ere, indartsu dabil: Gipuzkoako proban sartzeko nahiko puntu eskuratu ditu, Hegoafrikako sei izarreko Billabong Pro txapelketan hirugarren egin du eta nazioarteko sailkapenean 67. postuan dago. Hodei Collazo zarauztarra ere bertan lehiatuko dela aurreikusten dute.
Aurten, berrikuntzak
San Miguel Pro Zarautz Europoako proba baloratuenetariko bat da, «primeran» uztartzen baititu kirola, kultura, musika eta festa. ZSE urtero «berritzen eta hobetzen saiatzen» da, eta bide horretatik jarraitu du aurtengo proba prestatzerakoan. Hori horrela, surfaz gain, arteari ere lekua egin dio surf elkarteak. Hala, hilabeteko erakusketa antolatu du, Kutxaren eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Pablo Ugartetxea artista bilbotarraren lanak izango dira ikusgai udal merkatuan abuztuaren 15etik irailaren 15era.
Horrez gain, txapelketa inguruko horman Espainiako izen handiko graffiteroek haien lanak erakutsiko dituzte.
Bestalde, gauak «bereziki erakargarriak» izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Hala, musika ere ez da falta izango. Sei egunetan, hainbat kontzertu—oraindik ez dute zehaztu zein talde taularatuko diren— izango da Berazan, barbakoan prestatutako janariaren bueltan. «Gau bakoitza festa bilakatuko da», jakinarazi dute antolatzaileek.
Mugikor bidezko jarraipena
Txapelketa gunera hurbildu ezin dutenek ere jarraitu ahalko dute proba. Izan ere, Euskaltel enpresak sakeleko telefonorako aplikazio berritzailea sortu du. Horren bitartez, uneoro gertatzen ari denaren berri jasoko dute interesa dutenek, hainbat formatutan: web, blog edota sare sozialen bidez. Horrez gain, bideo laburpenak eta elkarrizketak jaitsi ahalko dira, besteak beste.
126.000 euro jokoan
2010etik sei izarreko proba da Zarautzen jokatzen dena, WQS World Qualifying Series sailkapen zirkuituko maila altueneko txapelketa. Hortaz, maila horri dagokion ordainsaria banatuko dute lehen postuetan sailkatzen direnen artean; 155.000 dolar (126.000 euro gutxi gorabehera) guztira. Zarauzko txapelketa, gainera, ASP zirkuitua osatzen duten bederatzi probetatik seigarrena da, eta Australiako fasea amaitu ostean, lehena Europako etapan. Hegoafrika eta AEBak izango dira ondorengo eskenatokiak.
Jakinarazi dutenez, urtetik urtera jende gehiago erakartzen du San Miguel Pro Zarautzek udalerrira. Iaz 20.000 pertsona inguru gerturatu ziren probak eta horren inguruan antolatutako ekitaldiek erakarrita.
——————————————–
Ander Ugarte zarauztarrak irabazi du munduko surf txapelketarako txartela
Ander Ugarte zarauztarrak San Miguel Pro Zarautz Munduko Surf Txapelketan lehiatu ahal izateko txartela irabazi zuen pasa den ekainean. Ibon Imazen oroimenez jokatu zuten Zarauzko Surf Txapelketa Herrikoian gailendu zen gaztea, eta horri esker nazioarteko 150 surflari onenekin aurrez aurre neurtu ahalko du olatuen gaineko abilezia, abuztuaren 28tik irailaren 2ra.
Open mailan lehiatu zen Alex Iriondo, Asier Muniain eta Roberto Letemendiarekin. Haiek baino puntu gehiago eskuratzea lortu zuen Ugartek.
