Hilerri zaharra husten ari dira Aizarnazabalen. Han dauden gorpuzkinak eta hezurrak hilerri berrira, Amilibia hilerrira, eramango dituzte. Gorpuzkin edo hezur batzuk erre egingo dituzte tokiz aldatu aurretik eta besteak, berriz, hobi komunean, urnategian edo hezurtegian gordeko dituzte; ia kasu guztietan, hildakoen senitartekoek erabaki dute zer egin.
Hilerri zaharra husteko lanak joan den uztailaren 16an hasi zituzten, eta laster bukatuko direla esan du Alvaro Villar Aizarnazabalgo alkateak. Donostiako Polloe hilerriko teknikari eta langile talde bat ari da lan hori egiten. Joan den otsaileko udalbatzarrean erabaki zuen udalak hilerri zaharra husteko lanei ekitea.
Hango lanak amaitutakoan, toki horretan zerbait egiteko asmoa ere badu udalak: «Ideia batzuk badaude, baina oraindik ez dago zehaztuta bertan zer egingo dugun».
2000.ekoa azken gorpua
Hilerri zaharra herriko elizaren ondoan dago, herri barruan, eta orain dela hamabi urtetik bertan ez da hildakoen gorpurik lurperatu. «Bizitza osoan egon da hilerri hori, eta Amilibiako hilerria egin arte bertan lurperatzen ziren herriko hildako denen gorpuak, baita apaizenak ere», dio Villarrek.
Gorpuzkin gehienak identifikatuta daudela dio alkateak, «erregistroak begiratu ditugu aurretik». Husteko lanak hasi aurretik hildakoen senitartekoei gorpuzkinekin zer egin erabakitzeko aukera eskaini diete. Apaiza izandakoenen gorpuzkinen kargu Eliza egin dela ere azaldu du Villarrek.
Amilibia hilerri berria 2000. urterako eraiki zuen Aizarnazabalgo Udalak, eta orduan hilobiratu zen azken gorpua hilerri zaharrean. Beraz, hamar urte baino gehiago pasatuta daudenez, bertako gorpuzkinak ateratzeko moduan daude.
Orain dela bi urte, Amilibia hilerria handitzeko Espainiako Gobernuak Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko planaren barruan diru laguntza eman zion Aizarnazabalgo Udalari. Orduan, bi hilerriak bat egiteko proiektua abiatu zuen udalak.
Horrez gain, Mugitzagaina auzoko hilerrian hezurtegia ere egin zuten. 40 hezurtegiko bi errenkada ditu eraikinak.
