Aurten 100 urte bete dira Francisco Escudero konpositorea jaio zela. Maisu handiaren alderdi kulturala, eta, batez ere, alde humanoa ezagutzera emateko asmoz, egitarau zabala antolatu du herriko hainbat eragilek. Hori aitzaki hartuta, aurten Escudero izango dute gogoan Zarauzko Musika Hamabostaldian.
Hiru kontzertu antolatu dituzte guztira. Parrokian izango dira hirurak. Lehenbizikoa ostiralean izango da. Zarautz abesbatza eta Et Incarnatus orkestra ariko dira Santa Maria parrokian, 22:00etatik aurrera. Konpositore donostiarraren hainbat pieza eskainiko dute elkarrekin.
Abuztuaren 10ean, berriz, Pablo Sorozabal haize boskoteak Escuderoren Gnosis lana interpretatuko du, besteak beste. Ordu berean izango da kontzertua. Azkena hilaren 26rako antolatu dute. Europa laukoteak maisuaren Sol kuartetoa joko du, beste hainbat kanturen artean. 20:00etan hasiko du emanaldia.
