Abuztua ongi afinatuta dator

Aritz Mutiozabal 2012ko abuztuaren 1a

Herriko ordezkarien emanaldiarekin abiatuko dute aurtengo Zumaiako Musika Jaialdia. Zumaiako Udal Musika Bandan jotzen duten lau klarinete jotzaile gaztek osatutako taldeak irekiko du kultur egitasmoa, gaur arratsaldean eskainiko duen emanaldiarekin. 20:00etan ariko da, Kofradia aurrean, Miren Saenz, Jo­ne Larrañaga, Sara Zubia eta Irati Alvarok osatzen duten laukotea, eta honakoa eskainiko dute bigarren kontzertua izango dute;  lehenengoa iaz eman zuten jaialdi honetan bertan. Gauean, berriz,  Zumaiako San Pedro Abesbatza ariko da kantuan, Debako Aitzuri Abesbatza lagun duela. Kontzertua bi zatitan banatu dute: lehenengoan, Wolfang Amadeus Mozart musikagilearen Koroatze meza interpretatuko dute, eta, bigarrenean, batik bat euskal musikarien –Iker Gonzalez Cobeaga, David Azurza eta Aita Donostiaren– piezak hartuko dituzte aintzat. Abesbatza emanaldia parrokian eskainiko dute, 22:00etan hasita. Denetariko eskaintza Urteroko moduan, egitarau betea eta denetarikoa prestatu du Zumaiako Udalak Musika Jaialdirako. Gaurtik hasi eta abuztuaren 12a bitartean, eskaintza klasikoa, garaikidea edota folk, jazz, tango na­hiz blues kutsukoak topatuko ditu musikazaleak herriko kale, areto eta txoko ezberdinetan. Travellin’ Brothers, Stick Dance Quar­tet, Kirkit Ensemble eta Janacek Ensemble datozen egunetan parte hartuko duten musikari gonbidatuetako batzuk dira. Bihar, esaterako, Euskal Herriko musikaren ikertzaile eta eragile Juan Mari Beltranek Orhiko Xoria lana aurkeztuko du, Mari kalean.Tradizioa eta berrikuntza uztarturiko erritmo eta doinuak aurkeztuko ditu. Zinemari ere bere presentzia emango diote aurten. Ohiko bi­hurtu den Musika eta zinea saioa egingo dute etzi: The Silent Band taldeak Buster Keaton aktorearen hiru film muturi musika jarriko dio zuzenean.Bestalde, hilaren 6an, Iker Gonzalez Cobeagak Zinea soinuaren uhinetan hitzaldi musikatua emango du, Aita Mari aretoan. --------------------------- Zumaiako Musika Jaialdia Abuztuak 1, gaur -20:00etan. Kofradian, Klarinete Laukotea. -22:00etan. Parrokian, Debako Aitzuri Abesbatza eta Zumaiako San Pedro Abesbatza. Abuztuak 2, bihar -20:00etan. Mari kalean, Juan Mari Beltranen  Orhiko Xoria. Abuztuak 3, etzi -22:30ean. Mari kalean, musika eta zinema, The Silent Band taldearen eskutik. Abuztuak 4, larunbata -20:00etan. Mari kalean, Travellin’ Brothers. Abuztuak 5, igandea -19:00etan. Aita Mari aretoan, Sorpresa kutxa emanaldia, Stick Dance Quartet. Abuztuak 6, astelehena -20:00etan. Aita Mari aretoan, Zinea soinuaren uhinetan  hitzaldi musikatua. Hizlaria: Iker Gonzalez Cobeaga. Abuztuak 7, asteartea -20:00etan. Komentuan, Kirkit Ensemble. Abuztuak 8, asteazkena -22:00etan. Aita Mari aretoan, Astor Piazzolaren tangoak,  Tanar Quartet taldearen eskutik. Sebastian eta Marina dantzarien emanaldia. Abuztuak 9, osteguna -20:00etan. Komentuan, Janacek Ensemble. Abuztuak 11, larunbata -22:00etan. Maria eta Jose aretoan, Judith Jauregui piano jotzailearen eta Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzailearen kontzertua. Abuztuak 12, igandea -20:00etan. Komentuan, Pablo de Naveraren biolontxelo kontzertua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide