Artea horman betierekotzen

Onintza Lete Arrieta 2012ko abuztuaren 1a

Ez da egongo azkoitiarrik ohartu ez denik: Lidl ondoko fabrika zaharra dotoreago dago azkenaldian. Apainago. Alaiago. Pintura poteak hartu, eta herriko esku trebeenek orduak pasatu dituzte fabrikaren adreiluzko horma zaharrak edertzen. Etxebizitzak, herritarrak eta dendak ageri dira zati batean. Udatxo delako batek sinatutakoa da. Udane Juaristiren izen artistikoa eta lana da hormako lehen zatian ageri dena. Ideia ere, berea izan da: «Beti gustatu izan zait ekimenak kalean egitea. Nire asmoa muralak egiten ari garen tokiaren parean, errepidearen bestaldeko harrizko horma bat margotzea zen. Baina horma hau margotu genezakela esan ziguten, eta hala ari gara». Bigarren lana Diego Cruzena da. Charlie Chaplin ageri da, eserita; alboan haur bat du, hura ere eserita. Makina bat lagunek izango dute irudi hori poster edo margo bihurtuta. Herrian bertan ere, lehenago beste toki batean bizitakoa da margolan horren bizkia. Xirikatzen Kultur Mahaiko kide Itziar Eliasek azaldu duenez, «garai batean irudi bera margotua zuen Diegok oraingo liburutegiaren inguruko horma batean». Hura desagertu zen. Eta proiektu honetan parte hartzeko proposamena iritsi zitzaionean, «argi esan zigun; irudi bera egin nahi zuen». Juaristik azaldu duenez, Cruzen margolana ez dago amaituta oraindik; «hasi besterik ez da egin». Horma zati asko daude hutsik oraindik. Horregatik, Eliasek herritarrak animatu nahi ditu ekimenean [...]

Etxezarreta eta Aginagalde

Olaia Etxezarreta eta Itziar Aginagalde beraien mural zatia margotzen (Argazkia: Xirikatzen)

Ez da egongo azkoitiarrik ohartu ez denik: Lidl ondoko fabrika zaharra dotoreago dago azkenaldian. Apainago. Alaiago. Pintura poteak hartu, eta herriko esku trebeenek orduak pasatu dituzte fabrikaren adreiluzko horma zaharrak edertzen.

Etxebizitzak, herritarrak eta dendak ageri dira zati batean. Udatxo delako batek sinatutakoa da. Udane Juaristiren izen artistikoa eta lana da hormako lehen zatian ageri dena. Ideia ere, berea izan da: «Beti gustatu izan zait ekimenak kalean egitea. Nire asmoa muralak egiten ari garen tokiaren parean, errepidearen bestaldeko harrizko horma bat margotzea zen. Baina horma hau margotu genezakela esan ziguten, eta hala ari gara». Bigarren lana Diego Cruzena da. Charlie Chaplin ageri da, eserita; alboan haur bat du, hura ere eserita. Makina bat lagunek izango dute irudi hori poster edo margo bihurtuta. Herrian bertan ere, lehenago beste toki batean bizitakoa da margolan horren bizkia. Xirikatzen Kultur Mahaiko kide Itziar Eliasek azaldu duenez, «garai batean irudi bera margotua zuen Diegok oraingo liburutegiaren inguruko horma batean». Hura desagertu zen. Eta proiektu honetan parte hartzeko proposamena iritsi zitzaionean, «argi esan zigun; irudi bera egin nahi zuen». Juaristik azaldu duenez, Cruzen margolana ez dago amaituta oraindik; «hasi besterik ez da egin».

Juaristiren murala

Udane Juaristi artista azkoitiarraren murala, fabrika zaharreko horman (Argazkilaria: Onintza Lete Arrieta)

Charlie Chaplin

Charlie Chaplinen murala egiten ari da Diego Cruz artista azkoitiarra (Argazkilaria: Onintza Lete Arrieta)

Horma zati asko daude hutsik oraindik. Horregatik, Eliasek herritarrak animatu nahi ditu ekimenean parte hartzera. Juaristiren bi ikaslek, esaterako, hartu dute parte proiektuan. Olaiaei izenarekin, bost gizonen aurpegiak margotu dituzte. Edo agian gizon bakarra da, keinu, aurpegiera eta osagarri desberdinekin. Olaia Etxezarretak eta Itziar Aginagaldek egin dute lana, eta irakaslea gustura da emaitzarekin: «Olaiarena da diseinua eta polita gelditu dela uste dut».

Inurri lana egiten ari da Xirikatzen. Diru iturririk gabe, herriko sormen lanak argitara eramateko irudimena erabiliz ari dira bertako partaideak. Muralaren ideia bide horretatik iritsi zen, Eliasen arabera: «Kultura kalera ateratzea da gure helburua, herriko sormena agerian gelditzea. Margolariek erakusketak egiten dituzte, baina aldi baterakoak dira, gero desagertu egiten dira. Denboran iraungo zuen zerbait nahi genuen. Muralak egitea otu zitzaigun. Herrian harrera ona izaten ari dela ikusten dugu eta pozik gaude». Muralentzako materiala nor bere poltsikotik ordaintzen ari da, eta irailean diru laguntza kutxak jarriko dituzte tabernetan, «artistei lana egitea errazteko».

Ekimenean parte hartzeko, edo informazio gehiago bildu nahi izanez gero, idatzi helbide hauetara:
kulturmahaixe@gmail.com eta www.facebook.com/kulturmahaixe

Etxezarretaren eta Aginagalderen lana (Argazkilaria: Onintza Lete Arrieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide