Hiru bandera asteburuan Oriorentzat

Karkara.eus 2012ko uztailaren 30a

KAE-1 ligako bi estropadez gain, Loiolako bandera ere irabazi dute

KAE-1 ligan jaun eta jabe izaten ari da Orio. Asteburu honetan ere bi estropadak irabazi zituzten, eta beren onurarako, atzetik egun batean Santurtzi eta bestean Lekittarra utzi ditu,...

KAE-1 ligako bi estropadez gain, Loiolako bandera ere irabazi dute

KAE-1 ligan jaun eta jabe izaten ari da Orio. Asteburu honetan ere bi estropadak irabazi zituzten, eta beren onurarako, atzetik egun batean Santurtzi eta bestean Lekittarra utzi ditu, sailkapenean tarteak handituz. Getariako estropadan, larunbatean, lehen luzetik izan zen nagusi Mirotza, eta estropadaren bukaeran 16 segundoko aldeaz irabazi zuen bandera.

Igandean Lekeitioko bandera izan zen jokoan, eta Santurtzik estu hartu zuen Orioko ontzia lehen bi luzeetan. Lehenengoan segundo bat aurretik izan zen Sotera eta barrurakoan Oriok segundo bat ateratzen zien santurtziarrei. Hirugarren luzean, ordea, estropada hautsi zuten eta bukaeran 11 segundo atera zizkion Oriok Santurtziri. Gauzak horrela, 72 puntu ditu Oriok eta bigarrenari, Santurtziri, 10 puntuko aldea ateratzen dio. Hirugarrena da Lekittarra, 56 punturekin.

Bigarren ontziak, bestalde, ezin izan zuen asteburu honetako bandera irabazi. Trintxerpek alde nabarmena kendu zion Oriori Algortako Portu Zarreko banderan, 14 segundo. Hala, sailkapeneko tartea 3 puntura zabaldu du Pasaiako ontziak eta 89 puntu ditu, Oriok 86. 

Emakumeek Pasai Donibanen jokatu zuten Gipuzkoako Ligako 4. jardunaldia eta 5. izan ziren, garaile izan zen Zumaiarengandik 25 segundora.

Neskak irabazle Loiolan

Urtero bezala, saninaziotako batel estropadak jokatu ziren asteburuan Donostiako Loiola auzoan. Oriok kadete mutilak eta neskak eraman zituen bertara, eta bi kategoriatan irabazi zuten. Orioko neskek San Pedroko jubenilen aurka neurtu zituzten indarrak, eta oriotarrek 25 segundoko aldearekin ekarri zuten bandera etxera.

Kadete mutilek ere San Pedro izan zuten atzetik, baina gauzak estuago izan zituzten. Oriotarrek 21 ehunenekogatik irabazi zuten estropada eta lehia berean hirugarren izan zen Orio B, 9 segundora.

TKE Liga

Aurten ere oriotar ugari dira TKE ligako traineruetako tostetan ari direnak eta denboraldi erdia bete dute dagoeneko horiek ere. Baina bi ontzi ari dira nabarmentzen guztien gainetik eta bietan oriotarrak dira prestatzaileak: Mikel Orbañanos, Hondarribian; eta Joxe Luis Korta, Kaikun.

Aste borobila egin du Kortaren koadrilak, Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen –Aizperroren Portugalete izan zen hirugarren, eta bihar Orion jokatuko den Euskadiko Txapelketan izango da Jarrillera ontzia– eta TKEko bi estropadetan ere garaile izan zen. Hala, Mikel Orbañanosen Hondarribiari tartea ireki dio sailkapenean azken astebukaeran Ama Guadalupekoa ontziak 3. eta 6. izatearekin konformatu behar izan baitu. Ondorioz, 109 puntu dituzte Kaikukoek eta 104 Hondarribiak. 

Euskadiko Txapelketa

Bihar, uztailaren 31, goizeko 12:00etan hasita Orion jokatuko dira Euskadiko Traineru txapelketak. Gipuzkoatik Hondarribia, San Juan, San Pedro eta Zumaia izango dira eta Bizkaitik Kaiku, Portugalete, Santurtzi eta Urdaibai. Emakumezkoetan Zumaia, San Juan, Getaria-Tolosa eta Orio izango dira lehian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide