Hasi orduko kanporatu dute Oiana Blanco Olinpiar Jokoetatik

Karkara.eus 2012ko uztailaren 28a

Estu hartu du Oiana Blancok urrea irabazteko faboritoa den Tomoko Fukumi, baina urrezko borrokan ez du aurrera egiterik lortu

Tomoko Fukumi munduko

txapeldunaren aurka galdu du lehendabiziko saioa Oiana Blanco judoka oriotarrak eta hasi orduko amait...

Estu hartu du Oiana Blancok urrea irabazteko faboritoa den Tomoko Fukumi, baina urrezko borrokan ez du aurrera egiterik lortu

Tomoko Fukumi munduko txapeldunaren aurka galdu du lehendabiziko saioa Oiana Blanco judoka oriotarrak eta hasi orduko amaitu dira beretzat Londresko Olinpiar Jokoak. Blancok berdinketari eutsi dio araudiak zehaztutako lehen bost minutuetan, baina azkenean, urrezko borrokan etsi du. Lehen pausoetan aurkariaren presioari aurre egin dio honek heltzea saihestuz, baina epailearen jakinarazpen baten ondoren, Oianak hartu du iniziatiba, baina Fukumik tatamira bota eta haren hankari helduz defendatu behar izan du. Urrezko borrokan, 2 minutu eta 40 segundo lehian ari zirela, oriotarrak amore eman du aurkariaren  itotze bidezko ippon baten aurrean. Estu hartu du Oiana Blancok urrea irabazteko faboritoa den Tomoko Fukumi, beraz, horrek pena handiagoa eman dio.

Oianari berari ez ezik gertuan izan dituen senide lagun eta herritarrak ere penatu dira emaitzarekin. Udaletxean zen hitzordua Oianaren borrokaldia pantaila handian ikusteko eta jende dezente elkartu den arren, arazo tekniko batzuk zirela medio ezin izan da zuzenean konbatea ikusi. Hala ere, Oianarentzako animorik ez da falta izan herrian, eta ondoren ikusi dituzte irudiak. Udaletxeko balkoian pankarta ere jarri dute eta familiakoek kamiseta bereziak ere jantzi dituzte Oianari, Oriotik bada ere, indarra emateko.

Ezin izan du Olinpiar Jokoetan aurrera egin, baina lehen konbate horretan egoteko Oianak eta gertukoek egin duten lana goraipatzeko datorren astean ongi-etorria egingo diete Oiana Blancori eta senideei.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide