Azpeitiko Herrira taldeak antolatuta, Herrira Eguna ari dira ospatzen azpeitiarrak, eta preso eta iheslari politikoen eskubideak aldarrikatzeko ekintza "berritzaileak" ari dira egiten aurtengoan;
Pedalkadaz pedalkada espetxeetara ekimenarekin hasi dute eguna, eta herriko presoenganako "urruntasuna" eteteko eta sakabanaketa politikoa salatzeko asmoz, bost bizikleten gainean aritu dira arratsaldera arte bitartean. 12:00etatik aritu dira horretan, eta besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuak eta herriko alkate ohiak hartu dute parte.
Arratsaldean, 18:00etan, sokatik tiraka autobusa mugitu dute plazatik, "denon indarrarekin presoz betetako autobusa ekarri dezakegula irudikatuz". Herriko kaleetan zehar mugitu dute autobusa, eta plazan amaitu dute. Ondoren herri afaria egingo dute azoka plazan.
