Gaur 11:00etan jokatu du Oiana Blanco judoka oriotarrak Olinpiar Jokoetako lehen borrokaldia eta Tomoko Fukumi munduko txapeldunaren aurka galdu egin du lehendabiziko saioa. Blancok berdinketari eutsi dio lehen bost minutuetan, baina azkenean, urrezko borrokan, 2 minutu eta 40 segundo lehian ari zirela, Fukumik itotze bidezko
ippon bat egin dio eta oriotarrak amore eman du.
Familiakoek eta lagunek Londresen borrokaldia bertatik bertara ikusteko aukerarik izan ez badute ere, Orioko Udaleko udalbatzar aretoan zuzenean eman dute saioa pantaila handian eta jendetza bildu da bertan. Udaletxeko balkoian ere parkarta erraldoi bat jarri dute judoka oriotarra animatzeko.