Udalbatzak ospakizun erlijiosoetan parte ez hartzea erabaki du Getarian

Getariako Hitza 2012ko uztailaren 27a

Ohiko udalbatzarra egin zuten herenegun iluntzean Getariako udaletxeko areto nagusian, eta Udalbatzako kideek ospakizun erlijiosoetan parte ez hartzea proposatzen zuen mozioa onartu zuten. Hondakinen gaiak eta Herrira herri eragileak euskal presoen eskubideen alde aurkeztu zuen mozioak ere zeresana eman zuten. Nabarmentzekoa izan zen, gainera, herritarrek udalbatzarraren azken zatian izan zuten parte-hartzea, udalbatzarreko funtzionamendua kritikatu baitzuten. Udal akonfesionala Bildu udal taldeak Udalbatzak ospakizun erlijiosoetan parte ez hartzearen aldeko mozioa aurkeztu zuen asteazkeneko udalbatzarrean. EAJ mozioaren kontra agertu zen. «EAJko kideek uste dugu, Salbatore festen kasuan, jaiak direla erlijioa ordezkatzen dutenak, eta guk herritarrei eta festei diegun konpromisoagatik mozioaren aurka bozkatuko dugu», azaldu zuen Andoni Aristik, EAJko ordezkariak. Bilduren eta Aitor Bikuña independentearen aldeko bost botoekin eta EAJren aurkako lau botoekin, mozioa onartu egin zuen Udalbatzak. Beraz, aurrerantzean, erlijio izaera duten eginkizunetan parte hartu nahi duten udal ordezkariek bakarka eta norbere borondatez egin beharko dute, Getariako Udala publikoki ordezkatzen duen inolako protokolorik gabe. Hondakinen bilketa hizpide Horretaz gain, azken hilabeteetan pil-pilean dagoen hondakinen gaia ere izan zuten hizpide udalbatzarrean. Getariako Udalak bosgarren edukiontziaren sistemaren aldeko apustua egin dezan eskatuz mozioa aurkeztu zuen EAJk udalbatzarrean, eta gaiak zeresana eman zuen. Hasiera batean, Getariako alkate Nika Lertxundik mozioa mahai gainean uztea eskatu zuen, Bildu [...]

Salbatore Deuna

Getariako parrokia, Salbatore Deuna

Ohiko udalbatzarra egin zuten herenegun iluntzean Getariako udaletxeko areto nagusian, eta Udalbatzako kideek ospakizun erlijiosoetan parte ez hartzea proposatzen zuen mozioa onartu zuten. Hondakinen gaiak eta Herrira herri eragileak euskal presoen eskubideen alde aurkeztu zuen mozioak ere zeresana eman zuten.

Nabarmentzekoa izan zen, gainera, herritarrek udalbatzarraren azken zatian izan zuten parte-hartzea, udalbatzarreko funtzionamendua kritikatu baitzuten.

Udal akonfesionala
Bildu udal taldeak Udalbatzak ospakizun erlijiosoetan parte ez hartzearen aldeko mozioa aurkeztu zuen asteazkeneko udalbatzarrean.

EAJ mozioaren kontra agertu zen. «EAJko kideek uste dugu, Salbatore festen kasuan, jaiak direla erlijioa ordezkatzen dutenak, eta guk herritarrei eta festei diegun konpromisoagatik mozioaren aurka bozkatuko dugu», azaldu zuen Andoni Aristik, EAJko ordezkariak.

Bilduren eta Aitor Bikuña independentearen aldeko bost botoekin eta EAJren aurkako lau botoekin, mozioa onartu egin zuen Udalbatzak. Beraz, aurrerantzean, erlijio izaera duten eginkizunetan parte hartu nahi duten udal ordezkariek bakarka eta norbere borondatez egin beharko dute, Getariako Udala publikoki ordezkatzen duen inolako protokolorik gabe.

Hondakinen bilketa hizpide
Horretaz gain, azken hilabeteetan pil-pilean dagoen hondakinen gaia ere izan zuten hizpide udalbatzarrean. Getariako Udalak bosgarren edukiontziaren sistemaren aldeko apustua egin dezan eskatuz mozioa aurkeztu zuen EAJk udalbatzarrean, eta gaiak zeresana eman zuen.

Hasiera batean, Getariako alkate Nika Lertxundik mozioa mahai gainean uztea eskatu zuen, Bildu udal taldearen izenean. «Uste dugu badirela gai jakin batzuk, herriarentzat oso garrantzitsuak direnak, eta ados jarriz erabaki behar direnak. Horiek ezin dira mozioz onartu. Hondakinen gaia horietako bat dela uste dugu».

EAJk ez zuen mozioa mahai gainean uzteko proposamena onartu eta 5. edukiontziaren aldeko mozioa udalbatzarrean bozkatu zuten. EAJren lau aldeko boto, Bilduren lau aurkako boto eta Aitor Bikuñaren abstentzioarekin berdinketa gertatu zen. Bigarren aldiz bozkatu zen mozioa eta bigarren bueltan alkatearen kalitatezko botoak bikoitza balio duenez, bertan behera geratu zen EAJk proposatutako mozioa.

Bozketak eman du zeresana
Getariako Herrira eragilearen euskal presoen eskubideen aldeko mozioak ere zeresana eman zuen udalbatzarrean. Izan ere, EAJ udal taldeak mozioak biltzen zituen puntu guztiekin ados ez zegoenez, mozioa puntuka bozkatzea eskatu zuen. Udalbatzak EAJren proposamena onartu zuen eta mozioaren bost puntuetatik lau puntu ahoz batez onartu zituen.

Lehen puntua ordea, sakabanaketarekin amaitu eta euskal presoak Euskal Herrira batzeko eskakizuna eta euskal presoak Euskal Herrira dioen banderola udaletxeko balkoian eta herriko beste hainbat tokitan jartzeko konpromisoa hartzeko eskatzen zuen puntua, EAJren eta independentearen aurkako botoekin bertan behera geratu zen.

Udalbatzarrean bildu ziren hainbat herritar bozketa prozesuarekin haserre agertu ziren. «Euskal presoen eskubideen aldeko mozioa osotasunean aurkeztu dugu eta EAJ horrekin ados ez bazegoen izan du denbora euren proposamena aurkeztekoa. Ez da justua gure onarpenik gabe mozioa aldatzea eta puntuka bozkatzea» azaldu zuen Herrirako kide batek.

Beste herritar batek, berriz, mozioak lehen puntua kenduta «esanahi guztia galtzen» duela aldarrikatu zuen. «Jarrera antidemokratikoa iruditzen zait, herri eragile batek aurkeztu duen mozioa alderdi batzuek nahi dutelako aldatzea».

Horretaz gain, udalbatzarretako formatua aldatzea ere eskatu zuen herritar batek. «Gaiak mementoan eztabaidatu behar dira, ez da logikoa hitza hartzeko azken unera arte itxaron beharra. Erabakiak hartu baino lehenago herritarrek eskubidea izan behar genuke zuzenean eragiten diguten edo aurkeztu ditugun gai eta mozioen inguruan behar dena esateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide