Salbatore Jaiak hurbil dira eta atzo arratsaldean Getariako Udalak herriko festen aurkezpena egin zuen. Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, aurten iaz baino%30 gutxiago gastatuko dute Salbatore Jaietan, denera 45.000 euro. "Urte hasieran iragarri genituen murrizketa zorrotzek eragina izan dute aurtengo jaien aurrekontuan, arduraz jokatzeko uneak direla ulertzen baitugu" azaldu dute Udaletik.
Horretaz gain, 2012ko Salbatore Jaiak antolatzerako orduan herritarrek izan duten parte-hartzea ere nabarmendu dute. "Apirilean hasi ginen bi astetan behin herritarrekin eta eragileekin elkartzen. Gure helburua herritarren gustuko jaiak antolatzea da eta horretarako herritarren ekarpenak ezinbestekoak direla uste dugu. Getariarren inplikazioan dago arrakastaren giltza".
Udalbatza akonfesionala
Pasa den asteazkenean Udalbatzak onartutako mozioa dela-eta, aurten lehen aldiz Udalbatzako kideek ez dute parte hartuko Salbatore Jaien baitako ospakizun erlijiosoetan. "Erlijio ekintzetan Udalak ofizialki parte ez hartzea erabaki dugu, erakunde publikoek izan behar duten konfesionaltasuna errespetatuz".