Badator festa olatua

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 27a

Bihartik aurrera Azpeitian mareak gora egingo du, eta saninazioetarako prestatutako egitarauan murgilduko dira herritarrak. Udalak diru gutxiago gastatuta, «festa onak» antolatu dituztelakoan dago Festa zinegotzi Mikel Ibarzabal. Aurtengo saninazioetarako aurrekontua iazkoa baino 60.000 euro gutxiagokoa da. «Data pozgarriak diren arren, udala egungo egoerara egokitzen saiatu da, festetako aurrekontua jaitsiz», dio Ibarzabalek. Herriko festei dagokienean aurreztea erabaki dute, eta jaitsiera nabarmenena saninazioek izan dute. «Iaz baino 60.000 euro gutxiago gastatuko da saninazioetan. Baina aurreko festetako aurrekontuak ere murriztu ziren, Santomas, San Sebastian eta Inauterietan 23.000 euro gutxiago gastatuz». Saninazioetako aurrekontua jaisteko hainbat neurri hartu du udalak. Besteak beste, festetako programa jasotzen duen eskuorriak orrialde gutxiago ditu, eta festetan Udal Gobernuak Kiruri jatetxean egiten zuen bazkaria kendu dute. «Orain bi hilabete erabaki zen Kiruriko bazkaria kentzea. Elkarte batean egingo dugu, eta bakoitzak berea ordainduta», azaldu du Festa zinegotziak. Diru gutxiago bideratu arren, «egitarau oparoa eta antolaketa bikaina» izango dute festek. Horretan dira udal arduradunak: «Gutxiagorekin gehiago egiten ari gara, eta horren arrazoia herritarren eta eragileen parte hartzea eta ekimena dira». Festetako egitaraua «adin guztientzako eta sentsibilitate askotako herritarrentzako, denentzako» eskaintzarekin osatu dutelakoan daude. Saninazioak bete-betean, astelehenean, eguerditik aurrera hasiko dira, Marea Arrosako kideek botatako suziriekin. Txupinazoaren garaian antzerkia, txalaparta eta bertsoa uztartuko dituzte herriko plazan. Baina, aurretik hainbat ekimen ere antolatu da herrian. Herrirak, ekimen berriak Biharko, Azpeitiko Herrira herri bilguneak antolatuta Herrira Eguna izango da, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde. Hoiek bizi duten egoera irudikatzeko eta euren eskubideak aldarrikatzeko ekimen berritzaileak egingo dituzte, «parte-hartzaileak eta erakargarriak» izateko asmoz antolatuta. Eguerditik aurrera, Pedalkadaz pedalkada espetxeetara ekimena egingo dute plazan. Bost bizikleta jarriko dituzte, eta han parte hartuko dutenek, «presoenganako urruntasuna puskatzea irudikatu eta sakabanaketa salatuko dute». Arratsaldeko seiretan, berriz, plazatik irtenda sokatik tiraka autobusa mugituko dute, «denon indarrarekin presoz betetako autobusa ekarri dezakegula irudikatuz», diote Herrirakoek. Ekimenari bukaera plazan emango diote, eta ondoren herri afaria egingo dute azoka plazan. Afarirako txartelak Orkatzen eta Jim Clarcken jarri dituzte saltzen. 250 haur inguru Igandean, berriz, Haurren Euskal Jai eguna da. Meza ondoren, erraldoien kalejira izango da, parrokiatik irtenda. Hamabost herritako erraldoiek hartuko dute parte desfilean. Gero, dantza txapelketa eta sari banaketa egingo dituzte plazan. Aurten, gainera, Marea Arrosaren olatuaren baitan, Umeen Egunerako ekitaldiak antolatu dituzte begiraleekin: haurren bazkaria, jolasak eta erromeria egingo dituzte. Ekimen honetan parte hartzeko 250 haur inguruk eman dute izena. Igande arratsaldean, 18:00etan, Azpeitiko Zezenzale Elkarteak saninazioetarako antolatutako zezenketetako zezenen desenkajonamendua izango da zezen-plazan. Escolar Gil, Palha eta Valdefresno ganadutegietako zezenak aterako dituzte. Mareak goia astelehen eguerdian joko du. Marea Arrosaren izenean, Haujijijai batzordekoek antzerkia egin, bertsoak kantatu eta txalaparta joko dute, eta suziri nagusia udaletxeko balkoitik botata hasiko dira saninazioak. Plaza herritarrez beteko da, eta festa giroak indarra hartuko du. Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak, Biasteriko dultzaineroek eta erraldoi eta buruhandiek kalejira hasiko dute orduan. Aurten, kalejira kalean behera hasi beharrean gora aldera hasiko dute, lehen bisita San Martin egoitzara eginez. Egitaraua Uztailak 28, bihar, Herrira Eguna -11:00. Txitximorerekin gune beltzen koloreztatzea, plazatik. -12:00. Pedalkadaz pedalkada espetxeetara ekimena, plazan. -16:00. XXXII. San Ignazio Saria. Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta, plazatik. -18:00. Sokari tiraka presoak herrira ekimena, plazan. Segidan, ekitaldia. -21:00. Herri afaria, azoka plazan. Uztailak 29, etzi, Umeen Euskal Festa -10:00. Goiz eresia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gaztearekin. -11:00. Umeen meza, parrokian. Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak abestuko du. -11:30. Erraldoien desfilea, kaleetan. -12:00. Haurrentzako dantzak, plazan. -12:30. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan. -14:00. Haurrentzako bazkaria, azoka plazan. -16:00. Haurrentzako jolasak. -18:00. Umeentzako erromeria, plazan. -18:30. Saninazioetako zezenketetan toreatuko diren zezenen desenkajonamendua, zezen-plazan. -18:30. Umeen Egunean parte hartu dutenak jasotzeko ordua. -19:30. Gauerdi txaranga. Uztailak 30, astelehena, San Inazio bezpera -11:00. Hamaiketako plazako txosnan. -12:00. Txupinazoa, plazan, Marea Arrosarekin. Azpeitiko Musika Banda, Izarraitz Txistulari Taldea, Biasteriko dultzaineroak eta erraldoi eta buruhandiak. -12:00. Arratsaldeko zezenketan toreatuko diren zezenen aukeraketa, zezen-plazan. -12:30. Marea Arroxaren kalejira. -15:00. Herri bazkaria, plazan. -17:00. Txosna gunea irekiko dute eta jolasak. -17:30. Haurrentzako Jau Jau jaialdia, Olazko Andre Mariaren plazatxoan. -18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean. -18:00. Zezenketa, zezen-plazan. Escolar Gil ganadutegia eta Sanchez Vara, Serafin Marin eta Esau Fernandez toreroak. -19:00. Meza eta bederatziurreneko elizkizuna, Loiolako basilikan. Julian Barrenetxea eta parrokiako abesbatzak Konpletak eta Salbea abestuko dituzte -19:00. Gauerdi txaranga. -22:00. Aldexok taldearen kontzertua, txosnatan. -23:00. Zaragoza su-etxearen suzko erroberak. -23:30. Los Zopilotes Txirriaos, plazan. -23:30. Imuntzo eta Belokirekin erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan. -02:00. Goxo-goxo taldea, txosnatan. Uztailak 31, asteartea, San Inazio Eguna -09:00. Goiz eresia, Musika Banda, dultzaineroak eta Izarraitz txistulari taldea. -10:10. Udalbatza parrokiara joango da. -10:30. Prozesioa, parrokiatik. -11:00. Meza, parrokian. Herriko apaizek eta Donostiako gotzainak emanda. Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko du. -12:00. Arratsaldeko zezenketarako zezenen aukeraketa, zezen-plazan. -12:00. Txomingeroen kalejira. -12:30. Entzierro txikia, Done Jakue kalean. -13:00. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupetan. -14:30. Txomingero bazkaria, Erdikalean, eta Urolatarrak txaranga. -17:00. Odolik gabeko saninaziyuen alde! elkarretaratzea, zezen-plaza aurrean. -17:30. Haur parkea, plazan. -18:00. Zezenketa, zezen-plazan. Palha ganadutegia eta toreroak Antonio Ferrera, Alberto Aguilar eta Paco Ureña. -18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean. -19:00. Oria txarangaren kalejira eta Emakumeok plazara ikuskizuna, alde zaharrean. -20:00. Oria txaranga, zezen-plazatik irtenda. -22:30. Esku pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan. Saralegi eta Otxandorena Olaetxea eta Ibai Zabalaren kontra; eta, Olaizola II.a eta Albisu Bengoetxea VI.a eta Beginoren kontra. -22:30. Fiachras taldearen kontzertua, txosnatan. -23:00. Astondoa su-etxearen suzko erroberak. -23:30. Obrint Pas taldearen emanaldia, plazan. -23:30. Kupela taldea, Olazko Andre Mariaren plazan. -02:30. Itziarren Semeak taldearen kontzertua, txosnatan. Abuztuak 1, asteazkena -09:00. Goiz eresia, Izarraitz txistulari taldea, Musika Banda eta dultzaineroak. -10:00. Elkarretaratzea, Loiolan. -11:00. Meza nagusia, Loiolan. Herriko apaizek eta Donostiako gotzainak emanda. Parrokiko eta Julian Barrenetxea abesbatzek abestuko dute. -11:00. V. Bakailao Txapelketa, plazan. -12:00. Arratsaldean toreatuko diren zezenen aukeraketa, zezen-plazan. -12:30. Entzierro txikia, Done Jakue kalean. -14:30. Herri bazkaria, azoka plazan. -16:30. Mus txapelketa, Sanagustin kulturgunean. -17:30. Haur parkea eta festa, plazan. -18:00. Zezenketa, zezen-plazan. Valdefresno ganadutegia eta Ivan Fandiño, David Mora eta Daniel Luque toreroak. -18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean. -18:00. Herriko artistak kalean. -19:00. Los Pasai txaranga. -22:00. Play Back txapelketa. -22:30. Esku pilota partidak, Izarraitz pilotalekuan. Juanarena eta Pascual Ezkurdia eta Peñagarikanoren kontra; eta, Irujo eta Laskurain Xala eta Zubietaren aurka. -23:30. Doctor Deseo, plazan. Abuztuak 2, osteguna -02:00. Ingo al deu? taldearen kontzertua, txosnatan. -06:00. Incansables txaranga. -07:00. Zezena, pilotalekuan. -08:30. Gaupaseroen argazkia plazan eta danbatekoekin festak bukatuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide