Klarinetearen berezitasuna

Aritz Mutiozabal 2012ko uztailaren 27a

Zumaiako Klarinete Maratoiak elkartu zituen Urval Ensemble taldeko lau kideak. «Urteetan elkarrekin jotzeko aukera izan du­gu egitasmoaren baitan.  2010­etik aurrera serio heldu genion proiek­tuari, eta egitasmotik kanpo ateratzen hasi ginen. Harrezkero, hainbat emanaldi eskaini ditugu», azaldu du taldeko kide eta Klarinete Maratoiko koordinatzaile Marixi Sesma zumaiarrak. Orain, ordea, nazioartetik etorri zaie deia: abuztuaren 1etik 6ra Nebraskako (AEB) Lincoln hirian ospatuko duten Clarinet Fest 2012 batzarrean parte hartzera gonbidatu dituzte. «Mundu mailan klarinetearen inguruan egiten den egitasmo garrantzitsuena da. Grabazio bat prestatu genuen, hara bidaltzeko, eta gure ezusterako deitu egin gaituzte. Europatik bi talde aukeratu dituzte; bata, eskoziarra da eta bestea, berriz, gu geu», dio Sesmak hautaketaren nondik norakoen inguruan: «Harri eta zur geratu gara, egia esan. Ez genuen espero inondik inora ere». Batzarrera bidalitako grabazioan aurkeztutako programak arrakasta izan zuela dio zumaiarrak; batik bat, Aita Donostiaren lanen inguruko errepertorioak. Hori horrela, euskal musikagilearen piezak taularatuko dituzte AEBetan: Eresia, Aitonaren ele zaharrak, Artzai gaztearen oiuak, Oñazez, Aur dantza, Sosoa dantza eta Emaztegaianeruntz irlagipean. Abestiok pianorako mugatuta zeuden, eta Urval Ensemble taldeko musikari eta Zumaiako Musika Bandako zuzendari Mikel Emezabalek moldatu ditu klarinete laukoterako. Sesmarekin eta Emezabalekin batera, Klarinete Maratoiko irakasle ofizial Carlos Casadok eta  klarineteko goi-irakasle Jasone Etxebestek osatzen dute taldea. Ezohiko formazioa Klarinete laukotea bada ere, Urval Ensemble ez dago lau klarinete jotzailez osatuta: bi dira ohiko klarinetea jotzen dutenak, eta gainerako biek klarinetearen familiakoak diren clarinete di basseto eta  corno di bassetto tresnak erabiltzen dituzte. «Gisa horretan, tinbre berezi bat sortzen du­gu. Ez dugu ohiko formazio bat osatzen, eta horrek bestelako xarma bat ematen digu», dio Sesmak. Horregatik, agian, entzuleen eta jaialdietako antolatzaileen artean harrera ona izaten ari dira: «Oharkabean etorri zaigu olatua. Orain, haren indarra aprobetxatu behar dugu». Nebraskako batzarra, behintzat, «erakuslehio oso ona» dela nabarmendu du musikari zumaiarrak: «Astebete iraungo duen egitasmo ikaragarria da. Egun osoan, goizetik iluntzera arte,  master class-eak eta zuzeneko kontzertuak izaten dira, nazioarteko musikari eta adituen eskutik. Han ez dira ikasle amateurrak elkartzen, baizik eta mu­sikatik bizi den jende prestatua. Punta-puntako jendea, alegia». Urval Ensemble laukoteak, bere aldetik, «ongi pasatzera» eta «momentua aprobetxatzera» joateko asmoa du. Hegaldia hartu aurretik, asteburu honetan, eta prestaketa gisa, Nebraskan joko duten errepertorioa taularatuko dute Zumaian bertan. Igandean izango da saioa, Valentin Manterola margolariaren erakusketa aretoan, 12:00etatik aurrera. Emanaldia publikoari irekia izango da, baina sarrera murriztu egingo dute, tokia bera ez delako handia. Beraz, klarinete emanaldia bertatik bertara jarraitu nahi duenak garaiz hurbildu beharko du hitzordura. Udazkenean ere hainbat tokitan jotzeko eskaintza jaso dute: Euskal Herriko hainbat tokitan ez ezik, Tarragonan eta Leonen izango dira. Otsailerako, berriz, Belgikako Gent  hirian egingo duten Europako klarinete topagunerako gonbidatu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide