Zurekin ostalarien elkarteak pintxo poteo edo txikiteo berezia antolatu du asteburu luze honetarako. Gaurtik hasi eta uztailaren 31 bitartean, Musika Pintxatuz ekimena antolatu du, Zarauzko Udalarekin eta Xpressionk kultur elkartearekin elkarlanean, eta, bertan, herriko hainbat ostalarik egoerarako bereziki prestatutako «kalitatezko» mokadutxoak dastatzeko aukera izango da, zuzeneko musika saio akustikoekin.
Gastronomia eta musika uztartzen dituen ekimena Munoa plazan izango da; 11:30etik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara, alegia. Hamar etxola jarriko dituzte, eta etxola bakoitzean taberna edo jatetxe baten pintxo bana eskainiko dute, edari batekin lagunduta, bi euro eta erdiren truke.
Mokadutxoen eskaintza zabala bezain interesgarria da: Kirkilla Enea Jatetxeak ganba eta porru brick-a saltsa amerikarrarekin eskainiko du; Gran Camping Zarautzek hegaluze zatia parrillan; Itxas-Lur tabernak olagarroa galiziar erara terrinan patata eta sagar kremarekin; Salegi taberna baratxuri fresko eta txanpinoi krepea; Kulixka jatetxeak bakailao carpaccioa, albaka, pistatxo eta oliba beltzen ozpin-olioz jantzitako tomate konfitura gainean; Txiki Polit tabernak txibi sumendia; Anima ardotegiak izokin shushia; eta Euskalduna tabernak txibia Xirita erara.
Pintxo hauetaz gain, beste berezitasun gastronomikoak ere eskainiko dituzte. Era berean, Salanort eta Ezkurtxerri enpresetako produktuak dastatzeko aukera izango da, baita Musika Pintxatuz ekimeneko aurtengo kartelean azaltzen diren gildak ere.
Lehiaketa akustikoa
Ekimenean parte hartuko duten musika taldeak lehiaketa bidez aukeratu dituzte. 23 hautagaietatik sei aukeratu ditu antolakuntzak. Musika Lehiaketako saioak hiru egunetan egingo dituzte, eta saio bakoitzean bi taldek joko dute: bihar, Azkaiter Pelox eta Deiedra ariko dira; etzi, Indigo eta Louise Michel; eta asteartean, Hira eta Boogie Van. Hautatuko sei talde horien artean irabazle bat aukeratuko dute antolatzaileek, eta irabazleak 500 euroko saria jasotzeaz gain, 2013ko Udaberrifest jaialdian gonbidatu gisa jotzeko txartela lortuko du.
Sortaldean Kultura Eremuko egitarauak ere bat egingo du ekimenarekin. Gaur, 19:00etan, Mikel Unzurrunzaga Makala DJrekin solasaldia egingo dute. Igandean, berriz, Xentimorik gabe antzezlana eta Igelaren Banda taldearen kontzertua izango dira. Eta astelehenean, azkenik, Nakany Kante abeslari afrikarra eta Gafieira Miuda talde brasildarra.
Egitaraua
Gaurtik uztailaren 31 bitartean, Musika Pintxatuz ekimena egingo dute. Munoa plazan herriko ostalarien pintxoak dastatu ahal izango dira, zuzeneko musika entzunez; 11:30etik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara.
Uztailak 26 , gaur
-19:00etan. Sortaldea Kultura Eremuan, Sorlekutik ekimena: Mikel Unzurrunzaga Makala disko jartzailearekin solasaldia.
Uztailak 27, bihar
-19:00etan. Munoa plazan, Musika Akustikoaren Lehiaketa: Azkaiter Pelox.
-21:00etan. Munoa plazan, Musika Akustikoaren Lehiaketa: Deiedra.
Uztailak 28, etzi
-19:00etan. Munoa plazan, Musika Akustikoaren Lehiaketa: Indigo.
-21:00etan. Munoa plazan, Musika Akustikoaren Lehiaketa: Louise Michel.
Uztailak 29, igandea
-20:00etan. Sortaldea Kultura Eremuan, Xentimorik gabe antzezlan musikatua. Aktoreak: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa.
-22:30ean. Sortaldea Kultura Eremuan, Igelaren Banda.
Uztailak 30, astelehena
-20:00etan. Sortaldean Kultura Eremuan, Nakany Kante abeslari afrikarra.
-22:30ean. Sortaldean Kultura Eremuan, Gafeira Miuda taldea.
Uztailak 31, asteartea
-19:00etan. Munoa plazan, Musika Akustikoaren Lehiaketa: Hira.
-21:00etan. Munoa plazan, Musika Akustikoaren Lehiaketa: Boogie Van.
