
«Aspaldiko modalitateak» berreskuratu nahi dituzte; hala nola, errebotean eta xarean arituko dira (Argazkilaria: Irene Elorza)
Eusko Jaurlaritzak Top Esperientzia egitasmoa jarri du abian, turismoa sustatzeko asmoz. Horren baitan, Euskal Pilotaren Xarma proiektua jarriko du martxan Azkoitian. Eusko Jaurlaritzak Basque Tours enpresarekin, Azkoitiko Udalarekin eta Iraurgi Lantzen garapen agentziarekin elkarlanean gauzatu du egitasmoa, eta ohiko bisitetatik harago, turistek ekimenetan parte hartzea dute helburu antolatzaileek.
Iraurgi Lantzenek kudeatu du Azkoitiko proiektua, eta eskualdeko garapen agentziak jakinarazi duenez, proiektua «berritzailea» da. Hala, pilota bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute egitasmoan parte hartzen dutenek. Ekimenarekin, pilota «munduan hedatu» nahi dute antolatzaileek, eta Azkoitia «pilotaren habia» izanik, kirol horretako «erreferentea» bilakatu nahi dute herria. Honek adierazi duenez, Iraurgi Lantzenek hainbat proposamen egin dio Eusko Jaurlaritzari, baina honek Azkoitiko egitasmoa soilik aukeratu du eskualdean. Hala, hasierako helburuetarik harago, herriko eta, oro har, eskualdeko turismoa indartu nahi du Iraurgi Lantzenek. «Pilotaren mundua lehen pertsonan ezagutzea da proiektuaren amua, baina benetako helburua turistak herrian geratzea da», adierazi du Jexux Mujikak Iraurgi Lantzeneko kideak. Horretarako, eskualdean dituzten bisita gidatuekin eta bestelako ekimenekin osatuko dute Euskal Pilotaren Xarma proiektua.
Pilotan arituz, ezagutu
Etzi egingo dute lehenengo saioa. Kataluniako talde bat helduko da herrira, eta Oteiza frontoiak bertatik bertara ezagutuko ditu. Egitasmo honen ardatza «turistei esperientziak eskaintzea» dela nabarmendu du Iraurgi Lantzenek, eta hori hala izanik, Oteiza pilotalekuan pilotan aritzen ikasiko dute bertaratzen direnek. Jexux Andueza Azkoitiko Oteiza Pilota Eskolako arduradunak eta pilotari ohiak eskainiko ditu saioak. Honek sakeak ateratzen edota partidak jokatzen erakutsiko die turistei. Bi ordu ingurua saioa izango da, eta esku pilota ez ezik, paletan ere jardungo dute. Iraurgi Lantzenek azaldu duenez, egitasmoaren bidez pilotaren «aspaldiko modalitateak» berreskuratu nahi dituzte, eta, beraz, erreboteak eta xarean ere arituko dira. «Euskal pilotaren munduan murgildu ondoren», tradizioari eutsiko diete, eta hamaiketakoa egingo dute Gurea pilotalekuan.
Egitasmoak, hasiera batean, ikastaroa eta hamaiketakoa eskaintzen du, baina Iraurgi Lantzenek ekintza osagarriak ere eskaini ditu;bezeroek hala nahi badute, herrian edo inguruetan bisita gidatuak jaso, bertako jatetxeetan bazkaldu, edo Pintxo Tour ekimenean parte hartu ahal izango dute. Izan ere, turistek «herria ezagutzea» da Iraurgi Lantzenen helburua.
Ekimena taldeei zuzenduta dago. «Saioa dibertigarria eta atsegina izan dadin, egokiena sei eta zortzi lagun arteko taldea osatzea da; modu horretara, gainera, merkeagoa egingo zaie», esan du Mujikak. Momentuz, erreserba bakarra jaso dute antolatzaileek, baina Iraurgi Lantzenek uda eta udazken inguruan eskaerak haztea espero du.
Urte osoko proiektua da
Azkoitian aurrera eramango dutena, eta bertan parte hartzeko 652-73 04 75 (Basque Tours) edo 943-15 18 78 telefonoetara deitu daiteke.