Errezilgo Udalak ez du inbertsiorik aurreikusi 2012ko aurrekontuetan

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 26a

Errezilgo udalbatzarrak 2012ko udal aurrekontuak onartu berri ditu: 929.470 euroko sarrerak izango ditu, eta gastuak, berriz, 871.678 eurokoak izango dira. Iaz baino 152.511 euro gehiago izango dituzte aurtengo aurrekontuetako sarreretan, baina Maria Jesus Salsamendik, Errezilgo alkateak, jakinarazi du udalaren egoera ekonomiko «txarrak» erabat baldintzatu dituela. Hori hala izanik, udalak ez du inbertsiorik aurreikusi aurten. «Udalak ezin du inbertsiorik aurreikusi, egoera oso txarrean gaudelako», adierazi du Salsamendik. Jakinarazi du pasa zen azaroan izan zituzten uholdeek goitik behera baldintzatu dituztela 2012ko udal aurrekontuen gastuak. Ondorioz, partida handiena haiekeragindako kalteen konponketak finantziatzera bideratuko dute. Aurreko urtean ordaindu ez zituzten gastuak ere gehitu dituzte. Hala nola, baserribideak konpontzeko partida zehaztu dute. Hori hala, gastu arrunten zatirik handiena konponketa horiek hartuko dute. Hain zuzen, 126.175 euroko kostua izango dute. «Aurreko urteko kalteak orain konpondu beharko ditugu», adierazi du alkateak. Ondorioz, gastuak diru sarrerak baino handiagoak izango dira. Errezilgo Udalak pertsonal gastuak, udal langileen eta politikarien ordainsariei dagozkienak, %3 jaitsi ditu aurreko urtetik. Diru sarrerei dagokienez, berriz, jasoko duten diru guztiaren erdia transferentzia arruntetatik jasoko dute, 465.074 euro inguru, hain zuzen ere. Salsamendik alkatetza hartu zuenetik jakinarazi du udalaren egoera ekonomikoa txarra dena, eta zorrari aurre egiteko hamaika neurri ugari hartu dute; besteak beste, Gazteria Saileko aisia zerbitzua murriztu dute oraintsu. Herritarrek bihar bitartean aurkez ditzakete aurrekontuen aurrean helegiteak. Alegaziorik jaso ezean, behin betiko onartuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide