Hondakinen gaia gizartean eta komunikabideetan pil-pilean dago azken hilabeteetan. Gaiak hartu duen dimentsioaz ohartuta, astearte arratsaldean Zumaiako ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Aralarrek agerraldi bateratua egin zuten zaborraren gaiaren inguruko eztabaidak hartu duen norabidea salatzeko. «Hondakinen gaia zeresan handia ematen ari da azkenaldian. Oihartzun mediatiko izugarria hartuta, eztabaidak muga guztiak gainditu ditu, eta jada absurdora hurbiltzen ari da, herritarrak gogaitzeraino».
Testuinguru horren aurrean, prentsa agerraldian bildu ziren alderdi politikoek joko horretan ez direla eroriko azaldu zuten. «Eztabaida ez dugu bere tokitik aterako. Ez dugu gaia desbideratuko eta alderdien arteko eztabaida politikorako erabiliko. Eztabaidaren muinera mugatuko gara, eta arduraz eta heldutasunez jokatzen jarraituko dugu». Izan ere, hiru indar politikoen iritziz, ez birziklatzea eta zaborra nahasirik botatzea «ezin da aukeretako bat izan», 2013an gaikako bilketa %80koa izan dadin, «biderik egokiena zein den erabakitzean oinarritu behar du eztabaidak».
«Gatazka sortzea helburu»
Ezker Abertzalearen, EAren eta Aralarren iritziz hondakinen kudeaketaren inguruan sortu den eztabaidak «Gipuzkoako mapa politiko instituzionala iraultzeko desgaste politikoa sortzea» du helburu. Alderi horiei esanguratsua iruditzen zaie, azken hilabetetan herritarrek jasan dituzten murrizketa «bortitzen» aurrean mobilizizaio bate bera ere babestu ez duten indar politikoek, hondakinen inguruko gaiarekin herriz herri mobilizazioak eta gatazka «hauspotzen» ibiltzea. «Hala ere, herritarrak ez dira inozoak eta asko jada jabetu dira hondakinen eztabaidari izaera politiko eta alderdikoia emanda beste eztabaida asko estaltzea eta gaia interes elektoreletarako erabiltzea dela helburua».
2013an %80 birziklatzea
Gipuzkoako Foru Aldundiak molatu duen Hondakinen Planak eta lurraldeko udalen gehiengoak hartu duen erabakiak Gipuzkoa ingurumen politika arduratsu baten bidean jarri dutela uste dute hiru alderdiek. «Europak esan duen bezala, zabortegi eta erraustegien aroa amaitu da. Aurrerantzean urrats egokiak emanda, ingurumena eta herritarron osasuna zaintzeko martxan jartzeko prest gaudela erakutsi dugu».
Bide horretan Zumaiako herriaren helburua 2013an hondakinen %80 gaikako biltzea da. «Hori lortzeko, biderik egokiena zein den aztertu behar dugu eta prozesu horretan guztiok egin dezakegu gure ekarpena. Eztabaidaren muina hor kokatu behar da. Ez birziklatzea eta zaborra nahasirik botatzea, berriz, ezin da aukera izan».
Asteleheneko udalbatzarra
Astelehenean Zumaiako udalbatzarrean bizitako eztabaida eta tentsioa, hondakinen gaiak sortu duen gatazkaren adibideetako bat izan zen. Astelehenean PSEk eta EAJk
Birziklapena bai, atez atekorik ez mozioa aurkeztu zuten udalbatzarrean, hori eztabaidatu eta bozkatu zuten udalbatzarrean eta ez zen aurrera atera mozioa. Horren aurrean, Zumaiako EAJk uste du Bildu eta Aralarren udal gobernuak «muzin» egin diola herriaren nahiari eta hitzari. «Gure aldetik benetan eskertzen dugu Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformak orain arte egin duen lana. Gainera, EAJtik uste dugu Zumaiako udal gobernuak pleno honetatik ondorioak atera beharko lituzkeela».
Astelehenean ez ohiko udalbatzarrean gertatukoaren aurrean iritzia eman nahi izan du Zumaiako udal gobernuak ere. «Adostasun eza adieraztea zilegi da, baina zenbaitek egindako irainak, mehatxuak eta errespetu faltak tokiz kanpo daude».
Horretaz gain, 2013an %80ko hondakinen bilketa selektiboa lortzeko sistema eztabaidatzeko prest daudela adierazi du Udal Gobernuak. «Horrela adierazi genien duela aste batzuk
Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformari. Gaia heldutasunez tratatuz gero adostasunera iritsi gaitezkela uste baitugu».
Dena dela, udal goberbuak argi utzi nahi du ez dela «zilegi ahal dena baino gutxiako birziklatzea erosotasunaren izenean».