Hilaren hasieran Orioko Kultur etxe atzeko igogailuari su eman zioten eta konponketa lanak atzeratu egin direnez, iraila arte itxita izango da igogailua. Horren aurrean Orioko Udalak kezka agertu du azken urtetan bandalismo ekintzak areagotu egin direlako herrian eta horrek kalte larriak sortzen dituztelako herriko azpiegituretan. Azken boladan, igogailua erretzeaz gain, Muntuko pasealekuan zakarrontziak apurtu dituzte, Azkueko parkean hamaka bat lapurtu eta joko batzuk apurtu dituzte.
Herritarren kalterako
Udalak nabarmendu nahi izan du ekintza horiek herritarrei kaltetzen dietela zuzenean. Igogailuaren kasuan esaterako, «8.000 euro konponketa denon diruarekin ordaintzeaz gain, igogailua behar beharrezkoa dute herritarrek ezingo dutelako zerbitzu horretaz baliatu iraila arte». Horregatik, Udalak oriotarrei herritar guzten ondarea errespetatzeko eta zaintzeko deia egin nahi die.