Natura eta kultur ondarea ezagutzeko tailerrak abiatu ditu Pagoetako Parkeak

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 26a

Kostaldean uda garaian hondartza eta itsasoa erregeak badira ere, asko dira plan alternatibo batean bila barnekaldera hurbiltzen direnak. Aiako Pagoeta Parke Naturalean esaterako, uztailerako eta abuzturako natur ondarean murgildu eta hori beste modu batean ezagutzeko ekimen sorta antolatu dute. Publiko orokorrari zuzendua Pagoetako Parke Naturaleko ingurumen hezitzaile Amaia Agotek azaldu duenez, «oso gustura» daude aurten uztailean zehar jende asko hurbildu delako Pagoetako Parkera paisaia eta natur ondarea ezagutzera. «Oro har, publiko orokorrari zuzendutako bisitak izaten ditugu, baina haurrek bereziki oso ondo pasatzen dute naturan murgilduz. Gure asmoa, herritarrekin ingurumen hezkuntzan lan egitea da, paisaia naturalaz jabetu eta arbasoek utzi diguten ondarea ezagutu dezaten». Bisitari ugari aurtengo udan Pagoetako Parke Naturalera hurbiltzen diren bisitari gehienak gipuzkoarrak eta bizkaitarrak izaten direla azaldu du Agotek. «Dena dela, estatu mailako bisitariak gero eta gehiago etortzen dira. Kataluniarrak, madrildarrak eta balentziarrak dira gehienak. Hala ere, aurten beste urtetan ez bezala, Galiziatik eta Asturiastik etorri diren bisitariak ere izan ditugu. Normalean horiek euskaldunak bezala eguzki bila joaten dira mediterraneora, baian aurten joera pixkanaka aldatzen ari dela ikusi dugu». Amaia Agoteren iritziz, Pagoetako Parke Naturalaren kokalekua estrategikoa da hondartza eta mendi ingurua partekatzeko aukera ematen duelako. «Urola Kostara etortzen diren bisitariak hondartzaz gozatu dezakete eta egun batean edo bestean plan alternatibo bezala natura eta kultur ondarea ezagutu». -------------------------------------- Pagoetako Parke Naturala Udako eskaintza Pagoetako arbasoen urratsak: baserria eta bertako produktuak. -Tailerra abuztuaren 15ean izango da, 11:00etatik 12:30era. -Baserriaren historia, antolaketa, lanbide desberdinak eta ekoizten diren produktu desberdinak ezagutuko dituzte herritarrek bisitan. Ondoren gazta dastaketa egingo dute. - Tailerra euskaraz eta gaztelaniaz izango da. - Helduek 5 euro ordaindu beharko dute eta 5-12 urte arteko haurrek 3 euro. Iturrarango erlauntzen irekiera. -Bisita uztailaren 27an eta 29an eta abuztuko astearte, ostegun, larunbat eta igandetan izango da, 13:00etatik 14:00etara. - Bisitariek Lorategi Botanikoaren eta erleen arteko lotura aztertuko dute. Ondoren, erletegian erleen mundua ezagutzeko aukera izango dute eta jarraian erlauntzen irekiera egingo da. - Helduek 2,5 euro ordaindu beharko dute eta 5-12 urte arteko haurrek 1,5 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide