Gaizka Garmendiak (Zarautz, 1973) eta Igor Gurutxarrik (Zarautz, 1993) argi dute ZAEren denboraldiko helburua: ahalik eta emaitza onena lortzea, KAE 1 Ligan bosgarren sailkatu ahal izateko. Zarautz Arraun Elkarteaz, taldekideez, azken estropadez eta helburuez hitz egin dute Urola Kostako Hitza-rekin.
Zer moduz hasi duzue denboraldia?
Gaizka Garmendia: Nahi baino motelago. Lehenbiziko estropadak ez dira guk nahi bezalakoak izan. Hala ere, azken bi-hiru probetan gure mailatik edo jokatu nahiko genukeen mailatik gertu ibili gara.
Igor Gurutxarri: Pixkanaka aurrerapausoak ematen ari gara. Iritsi nahi dugun postutik geroz eta gertuago gaude.
Talde heterogenoa zarete; adin tarte handia dago taldekideen artean.
G.G.: Bai, Igor jaiotzerako ni traineruko patroi nintzen jada, esaterako. Talde heterogenoa gara, bai: bost bat oso gazteak dira, baina aurrez gazte mailatan ibiliak dira; beste lau bat adinez ez dira hain gazteak, baina ez daramate urte asko arraunean; beste batzuk beteranoak dira, eta beste zenbait hainbat urtean arraunean ibili gabeak. Denetarik dago, beraz. Hala ere, arraunari dagokionez, ez dago inongo bereizketarik. Izaera aldetik bai, baina talde bezala ongi funtzionatzen dugu. Entrenatzerakoan ez dugu arazorik izaten.
Hori horrela, nola ikusten duzue batak bestea?
G.G.: Nik Igor berde samar ikusten dut oraindik. Lehenbiziko urtea du senior mailan, eta oso ezberdina da gazte mailan lehiatzea eta KAE 1 Ligan aritzea. Gorpuzkera eta esperientzia aldetik oraindik falta zaio. Gazteei zera gertatzen zaie: euren burua besteak baino atzerago ikusten baldin badute, arrauna uzteko joera handiagoa dute. Taldean urte gehiago daramatenak, berriz, egoskorragoak dira, arraunean aritzeko gauza gehiagori uko egin behar izan dietelako. Lehiakorragoak dira zentzu horretan. Gazteak ere lehiakorrak dira, baina baita itzaliagoak ere.
Igorren kasuan, urrian hasi zenetik asko hobetu duela uste dut; alde handia dago ordutik hona.
I. G.: Gaizkak urte asko darama patroi gisa, eta nabaritzen da, batez ere, guri irakasteko duen moduan. Jubenil mailan izan ditugun entrenatzaileak arraunlariak izan dira. Gaizka, berriz, patroia da, eta patroiak arraunlari batek baino gehiago kontrolatzen du guztia. Horrek beste ikuspuntu bat ematen dizu, eta oso lagungarria da.
Zuk, Igor, jubeniletan jardun duzu hainbat urtean. Erronka polita izango da animatzen zenuen talde horretako partaide izatea, ezta?
I.G.: Oso erronka polita da, bai. Ni pasa den urtera arte hor egoten nintzen, Zarauzko elastikoarekin, arraunlariak animatzen. Hori dela eta, urte batetik bestera haien taldekidea izatea aurrerapauso garrantzitsua izan da
niretzat. Izan ere, beste maila bat nabaritzen da taldean, profesionaltasun handiagoa. Lehen gure mailakoekin lehiatzen ginen; zaila zen, baina ez egun bezain beste. Orain beste helburu batzuk ditugu, eta entrenamenduak ere gogorragoak dira. Pixkanaka-pixkanaka ohitu naiz, eta taldekideek asko lagundu didate. Ildo horretatik, indartsu sentitzen naiz, aurrera egiteko gogoz. Hobetzeko asko daukat, baina aurrerapauso handiak eman ditudala uste dut.
Alde horretatik, Gaizka, zein gomendio emango zenioke Igorri, eta bera bezala hasi berri diren arraunlariei?
G.G.: Aholku berezirik ez nien emango; jarrai dezatela, besterik ez, horixe baita garrantzitsuena. Orain arte bezala segi dezatela eskatzen diet, lanean gogor, horrela lortzen baita eskarmentua eta esperientzia. Entrenatu, primeran entrenatzen dute, oso serio hartzen dute. Horri eustea ezinbestekoa da .
Goi mailan ibilitakoa zara, Gaizka. Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
G.G.: Zarautzek urte oso onak izan ditu, bai, goi mailan ibili da. Zarautz, ordea, ez da arraun tradizio handiko herria; ez dauka beste zenbait herritako arraun elkarteek izan dezaketen egonkortasunik. Arrauna ez da Zarauzko lehenbiziko kirola, eta ekonomikoki ere ez du babes handiegirik. Zentzu horretan, egun arraunean dabiltzan gazteak iristen diren puntura iritsiko da ZAE. Azken boladan beheko mailetan lana hobeto egiten hasi dira, jende asko dabil arraunean… Horiek maila txukun bat izateko denbora behar dute, ordea. Pazientzia izango al dugu horiek heldutasunera iritsi arte? Hori da galdera nagusia.
Egun bizkarrezurra diren horiek kale egingo balute, mailaz jaitsiko litzateke taldea. Horri eutsi behar diogu, beraz.
Ekonomikoki babesa beharrezkoa da, ezta?
G.G.: Argi dago halako proiektu bat aurrera eramatea oso zaila dela. Proiektua gauzatzeko sosak behar dira, eta horixe da une honetan falta zaiguna. Zarauzko Udalarekin oraindik ez dugu hitzarmena berritu, bi urte daramagu akordiorik gabe, eta horrek ezegonkortasun handia ematen du. Plangintza baten beharra daukagu, baina horretarako ekonomikoki bultzada handia behar dugu, lehenbizi.
Gaizka, zuk 38 urte dituzu, eta urte asko daramazu arraunean. Erretiratzeko asmorik ba al duzu?
G.G.: Errelebo beharra daukat, bai; zailtasunak ditut entrenatzera joateko. Dagoeneko hasi gara ordezko baten bila. Froga egin genuen taldekide batekin. Mila gauzetan dabil, ordea, eta beraz, ezinezkoa izan da.
Orain Iraitz Corderorekin hasi gara lanean. Ea ontzia eramateari neurria hartzen dion. Izan ere, patroiaren figura oso garrantzitsua da. Berezkoa behar du izan trainerua gidatzeko gaitasuna, eta gero lantzen joan, noski. Zarautzek Gorka Aranberrirekin zorte handia izan zuen. Aukera eman zitzaion, eta balio zuen postu horretarako. Poliki-poliki esperientzia hartzen joan zen,
eta urrutira iritsi da —Urdaibaiko patroia da egun—. Ea Iraitzek ere sen hori barneratuta
daukan. Nik egun ditudan ardurak hartzeko gai ikusten dut.
I.G.: Hobetzeko prestutasunik eta gogorik ez zaio falta, behinik behin.
Eta, zuk, Igor, taldean urte askoan jarraitzeko asmoa al daukazu?
I.G.: Jarraitzeko intentzioa dut, bai. Egoerak orain arte bezala jarraitzen badu, nik ere aurrera egingo dut.
Zein da denboraldi honetarako arraun elkartearen helburua?
G.G.: Hasieran txanda nagusian sartzea zen gure helburua, baina sorpresa handia eman digu Elantxobek. Oso indartsu dabil, eta emaitza oso onak lortzen ari da. Gu, ordea, nahi baino makalago ibili gara lehenbiziko estropadetan, eta lehen txandan sartzeko aukera hori galdu dugu. Orain
bigarren txandan gaude, eta Donostiak bi puntu ateratzen dizkigu. Denboraldia amaitu arteko proba guztiak txanda berean jokatuko ditugu, eta, beraz, donostiarrei irabaztea izango da gure helburua. Ea KAE 1 Ligan bosgarren egitea lortzen dugun.
I.G.: Ohorezko txandan jokatzea ez da posible izango baina estropada batean sorpresaren bat edo beste emateko gai garela uste dut. Santurtziri, Isuntzari edota Elantxoberi irabazteko prest gaudela iruditzen zait.
