Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguerdi partean giro ezinhobea izan dute Bisiguaren Festan bildu direnek Orioko plaza inguruan. Gastronomia izan da eguneko protagonista. Alde batetik, Orioko elkarte gastronomiko desberdinetako ordezkarien arteko Bisigu Lehiaketa egin dute. Epaimahaiko kide izan den Joxemiel Zendoia Katxiña erretegiko parrilleroaren iritziz, "aurkeztu dituzten bisigu guztiak bikainak zeuden eta ez da betere erraza izan onena zein den aukeratzea".
Horretaz gain, marmitako dastaketa ere izan da herriko plazan. Goizean goiz hasi dira boluntarioak marmitakoa prestatzen eta eguerdi parterako dena prest izan dute. Denera 1.500 razio banatu dituzte eta marmitakoa probatu dutenek "primerakoa" zegoela azaldu dute.
Bihar ere festa Orion
Gaur Oriora hurbiltzeko aukerarik izan ez dutenak, bihar ere giro paregabea aurkituko dute bertan; besteak beste, hegaluze dastaketa izango baita eguerdian herriko plazan. Horretaz gain, arrauna gustuko dutenek, galdu ezineko hitzordua izango dute Oria ibaian arratsaldean; KAE2 Ligarako puntuagarria izango den estropada jokatu baita Bisiguaren Festaren baitan.