Gaur eguerdian aurkeztu dute 42. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia. Hilaren 29an, datorren igandean, jokatuko da, eta aurten 1525 parte-hartzaile izango dira. Horietatik 1.400 helduak izango dira, eta 125 infantilak. Ohi bezala, helduek 2.850 metro egin beharko dituzte igerian, Getariako moilako ama birjinetik Zarauzko hondartzara. Gaztetxoek, berriz, Zarauzko moilatik 400 bat metrora jarriko duten buiara eta hortik hondartzarainoko ibilbidea egin beharko dute; guztira, 800 metroko zeharkaldia. Horiek 11:00etan irtengo dira.
Helduak, berriz, mailakatuta aterako dira Getariako moilatik; hau da, aurreko urtetan egindako denboraren arabera irtengo dira. Hala, pasa den urtetan marka onena (45 minutu azpitik) egin zutenak, txapel beltzdunak, irtengo dira lehenbizi; ibilbidea 45-92 minututan egin zutenak; talde berdekoak, gerora; jarraian ordubete azpitik egin zutenak (txano txuridunak) eta azkenik, itsas zeharkaldi hori inoiz egin ez dutenak edota 2.850 metroak ordubetetik gora behar izan zituztenak.
Aurten, berrikuntza gisa, Gorka Ripak eta Ainhoa Oñatibiak 2006an ezarritako marka hausten dutenentzat saria izango da. Ripak 32:05 denboran egin zuen urte horretan zeharkaldia eta Oñatibiak 35:32an.
Urtero legez, Zarautz Igeriketa taldeak antolatu du proba, Zarauzko Udalaren laguntzarekin.
