
Udan, bisitari kopuru handia dela eta, autoa aparkatzeko arazo handia izaten da Zarautzen (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Bihartik aurrera Astiko aparkalekuan utzi ahalko dute bisitariek autoa. Zarauzko Udal Gobernuak udan izaten den «aparkaleku arazoari» aurre egiteko alternatiba aurkeztu du: kirol gunean disuasio-aparkalekua egokitu du, eta bertan autoa uzten dutenek autobus zerbitzua izango dute eskura hondartzara gerturatzeko. Ibilgailua Astin utzi, eta autobusean joan-etorria egiteagatik euro bat ordaindu beharko da autoko.
«Uda sasoian bisitari ugari izaten da herrian eta ondorioz auto pilaketa handia. Horrek, Nafarroa kalean trafiko ugari sortzen du eta baita aparkaleku falta ere. Hori dela eta, herriaren kanpoaldean aparkalekua atontzea erabaki dugu, autoak herriko erdigunetik igaro ez daitezen», azaldu du Herrilan eta Zerbitzuetako zinegotzi Mikel Goenagak . Autopista azpiko gunean egokitu dute aparkalekua, eta Goenagaren arabera, 200 auto ingururentzat lekua dago bertan.
Bertatik hondartza aldera joateko autobus anezka edo disuasorioak izango dira erabilgarri, goizez zein arratsaldez. 11:00-13:30 eta 17:00-20:00 bitartean eskainiko da zerbitzua, eta Goenagaren arabera, ordu laurdeneko maiztasuna izango dute. «Eguerdian autobus zerbitzua eten egingo da. Ordu jakin batzuetan bisitariak hondartzan egoten dira, normalean ez dira euren herrietara itzultzen. Tarte horretan ez da izango autobus zerbitzurik». 50 bat lagunentzako lekua izango du busak.
Bi geltoki, bi ibilbide
Bi geldialdi egingo ditu autobusak, Pilartxo Enea jolastokiaren aurrean bata eta Ertzaintzaren egoitzaren atarian, bestea. Astitik herrigunera joateko eta bueltan, ordea, ibilbide ezberdina egingo du. Hondartzarako bidean, Gipuzkoa kaletik igaroko da lehenbizi eta gero Nafarroa kalera pasatuko da. «Nafarroa kalean sortzen den trafikoa sahiestea da asmoa, goizean zehar izaten baitira auto pilaketa gehienak». Bueltan, aldiz, kontrakoa egingo du: Nafarroa kaletik pasako da lehenbizi, eta gerora Gipuzkoa kaletik.
Abuztuaren 26a bitartean izango dira martxan aparkaleku eta autobus zerbitzuak.Larunbatetan, igandetan eta jai bezperetan egongo da erabilgarri, abuztuko bi astetan izan ezik. «Abuztuan etortzen da jende gehien Zarautzera, batez ere, Ama Birjinaren jaien inguruan», zehaztu du Herrilan eta Zerbitzutako zinegotziak. Ildo horretatik, abuztuaren 6tik 17ra egunero aparkatu ahalko da kirol gunean, «baita lanegunetan ere».
Autobidearen irteeran, herriko sarrerako ordainlekuetan, eskuorriak banatuko dituzte, aparkaleku berriaren inguruko informazioa «ahalik eta bisitari gehienei» helarazteko. «Ahalik eta jende gehienak aparkaleku alternatibo hori erabiltzea da helburua».
Hasieran, Abendañon
Udan sortzen den aparkaleku arazoari aurre egiteko proposamenak aztertzen hasi zenean, udako aparkalekua Abendañon jartzea erabaki zuen hasieran Udal Gobernuak. «Leku aproposa zela pentsatu genuen, auto asko aparkatzeko aukera baitago bertan. Ez du, ordea, helburu nagusia betetzen; izan ere, autoak herrigunea gurutzatu beharko lukete bertara iristeko». Hori dela eta, Abendañon jartzea «egokiagoa» dela erabaki dute.
Zerbitzu berriak «arrakasta» baldin badu, hurrengo urterako halako alternatibak aztertuko
dituztela jakinarazi du Goenagak.