Baserritarren Eguna da etzi

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 20a

Azpeitia igandean murgilduko da bete-betean festetan. Santio eguna asteguna denez, igandean ospatuko da Baserritarren Eguna. Errotutako festa da, egun herrikoia. Herriko plaza eta inguruak bihurtuko dira jaiaren gune garrantzitsuenak. Musika Bandak eta Izarraitz Txistulari Elkarteak iragarriko dute festa eguna goizean goiz, eta ondoren era askotako ekitaldiak izango dira. Frontoi Txikian, urtero bezala, Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek Cesar Valverde Sariko finalak jokatuko dituzte, 10:30ean hasita. Benjamin aurreko lehenengo urtekoetan, Errasti eta Muñoz ariko dira elkarren aurka; bigarren urteko benjamin aurrekoetan, Alonso eta Letamendia ariko dira; benjaminetan, Egiguren eta Elosegi; alebinetan, Garate eta Peña Gurrutxaga eta Aranbarriren kontra; eta, infantiletan, Egiguren eta Arrizabalaga Iriarte eta Aizpururen aurka. Eguerdi aldera, jan-edanaren txanda izango da herriko plazan. Bertan, 1,5 euro ordainduta txekor errearen pintxoa edota parrillan erretako hegaluzearen pintxoa dastatzeko aukera egongo da. Han bildutako dirua, garapen bidean dauden herrialdetara bidaltzeko izango da, urtero bezalaxe. Ardi gaztaren pintxoak saltzeko postuak egongo dira plazan, eta baita ardi gazta txapelketa ere. Aurtengo honetan, lehiaketan parte hartzeko 22 gaztagilek eman dute izena. Euskal Herriko zaharrena Era berean, Azpeitiko 40. Sagardo Txapelketa hasiko da plazako arkupetan Azpeitiko Udalaren babesarekin, Goikabi, Loiolatxo eta Landeta elkarteek antolatuta. Horiez gainera, urtero Tolosako Batasuna elkartekoen laguntza izaten dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herriko sagardo lehiaketa zaharrena da Azpeitikoa: «Sagardozale Elkartetik eta ingurutik jasotako datuen arabera behintzat, hainbeste urte etenik egin gabe egin den txapelketarik ez dago Euskal Herrian; lehenago hasitako batzuk egongo ziren, baina bidean gelditutako asko dago hor». Aurreko urteetako egitura izango du sagardo txapelketak, bi txapelketa paralelo egingo dira: bata, zortzi epaimahaikidek erabakiko dutena eta bestea, postuz postu, herriko elkarteetako kideek erabakitakoa. Bietarako sagardo berdina ekartzeko eskatu diete sagardozaleei, «batzuk saiatzen dira bietara desberdina ekartzen, baina hor gogorrak izango gara, sagardozaleek bi txapelketetara sagardo berdina ekarri dezaten». 23 sagardozale izango dira aurten eta denen artean 2.800 botila ekarriko dituzte. «Sagardozale gehiago amorratzen dago etortzeko, baina plazako arkupetan ez dago tokirik», azaldu dute antolatzaileek.  Edalontziak saltzeko postu bat ere jarriko dute plazan bertan. Giroa alaitzen, bertsolariak eta trikitilariak ere ariko dira plazako oholtzan. Eguerdirako, Euskadiko Blonda arrazako ganadu txapelketa hasita egongo da, azoka plaza atzean. Salaketa festara ekarrita Aldarrikapenak eta salaketak ere hartuko du lekua igandeko festaren baitan. Ekainaren erditik greba mugagabean dauden Corrugados Azpeitiako langileek deituta, kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra, manifestaziora deitu dute. 12:00etan hasiko da mobilizazioa, Etxe Zuri taberna aurretik. Herritarrei ere bertan parte hartzeko deialdia egin diete langileek. Autobus geltokia aldatuta Azpeitian herriko festak ospatuko direla-eta, igande honetan eta uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean autobusek geraleku desberdinak izango dituzte herrian: hau da, Julian Elorza hiribidean eta Trenaren Museo aurrean ez dira geldituko autobusak. Egun horietan Zumaia eta Azkoiti alderako autobusak Enparan Gainean geldituko dira.   ---------------------------------------------- Auto Klasikoen Rallya jokatuko da bihar hasi, eta igandera bitartean D25 urte baino gehiago dituzten autoen rallya jokatuko da bihar eta etzi artean, IX. Azpeitiko Rallya haiz zuzen. Gipuzkoako, Bizkaiako, Arabako eta Ipar Euskal Herriko 30 parte-hartzailek hartuko dute parte bertan. Rallya bihar hasiko da 11:00etan, Azpeitiko epaitegi aurreko aparkalekuan. Aurrena, Gipuzkoako hainbat rally eta igoeratako errepideetatik ibiliko dira: Urraki, Errezil, etumeta, Aizarna, Azkoitia, Aia eta Zarautz artean. 20:20ak alderako bukatuko dute ibilbidea, 305 kilometro egin ondoren.   ------------------------------------ Baserritarren Eguna Uztailak 22, etzi -09:00. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari taldearen goiz eresia. -10:30. XXXI. Usakume Tiro Txapelketa. Lapatxen. 10:30etik  13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. -10:30. Ilunpe Pilota Elkartearen XXVIII. Pilota Txapelketa, Cesar Valverde Saria, Frontoi Txikian. -11:00. Euskadi mailako ganadu erakusketa eta txapelketa, azoka plaza atzean. -11:00. XIV. Gazta Lehiaketa. -12:00. 40. Sagardo Txapelketa, herriko plazan. - Txekor errea eta hegaluzea parrillan. - Bertsolarien saioa: Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Bestetik, Laja, Mikel eta Ezenarro        trikirilariak eta dultzaineroak. -18:00. Kantu poteoa, San Martin egoitzatik hasita. -18:30. Errekortari 2012 eta Zezen Beltz Saria, zezen-plazan. -19:30-22:30. Los Pasai txarangaren kalejira. ------------------------------------ Blonda arrazako 97 behi izango dira txapelketan Igandean, Baserritarren Egunaren baitan, Blonda arrazako ganaduaren Euskadiko 17. txapelketa eta erakusketa jokatuko da Azpeitian; bi urtetik behin egiten da hemen.  09:30ean hasiko da. Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi ukuilutako 97 buru ekarriko dituzte. Gipuzkoa ukuiluak bost dira, eta horietatik hiru Azpeitikoak: Gaztelu, Agite eta Eizmendi. «Nafarroatik ere ekarri nahi genituen, baina hango ganaduzaleei ganadua sokara ohitzea zaila egiten zaie. Ea bi urte barru lortzen dugun», azaldu du Gorka Elortza antolatzaileak. 97 buruak hamazazpi ataletan banatu dituzte, eta atal bakoitzeko sariak banatuko dituzte. Baina, beste sari berezi batzuk ere emango dira: ukuilu, idisko eta behirik onenari, eta Aberekinek ematen duen hazitik sortutako sari berezia. Epaileak Behe Nafarroakoak eta Zuberokoak dira. Antolatzaileen asmoa, ganadu erakusketa eta txapelketa «ahalik eta erakargarriena» izatea da. Berez enkanterako animaliarik ez da apuntatu. Baina, txapelketara datozen hiru idisko saltzeko aukera dago, eta norbait erostera animatuko balitz enkantea martxan jarriko dute. «Badakigu iparraldetik, Madriletik eta Kantabriatik lagun taldeak etortzekoak direla, eta horien artean erosle posibleren bat egon daiteke», gaineratu du Elortzak. Imanol Lazkano ganaduzaleak parte hartuko du txapelketan. Haren arabera, «Blonda, haragi behia da, eta oraindik nahiko arraza berria. Iparraldean eta Frantzian asko lantzen ari dira eta hemen ere azken urteotan lan izugarria egin da». Horregatik, egindako lana erakusteko aukera ematea garrantzitsua dela dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide