Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko Gaztetxeak zazpi urte bete zituen igandean. Hori dela-eta, larunbatean urtemugako festa ospatuko dute, egun osoan. Gaztetxearen funtzionamendua aurrera ateratzeko «zazpi urteotan bezalaxe, azken urtean ere hainbat ekimen eta lan egin ditugu, eta komunikazio, aisialdi, azpiegitura, gazte problematika zein diru zaintzako taldeak martxan izan dira», azaldu dute.
Aurten ere, baltsa erakusketarekin eta hamaiketakorekin hasiko dute ospakizun eguna, 11:00etatik aurrera, herriko plazan. Ondoren, 12:00etan, baltsa jaitsiera hasiko da. Jaitsieran parte hartzera animatu dituzte herritarrak, baina ibaia «errespetatzeko» ere eskatu dute. «Urtarrilean ibaia garbitzen ibili ginen eta orain ez dezagun zikindu». Dena den, gaztetxekoen baltsa atzetik joango da, «uretan gelditutako traste eta zikinkeriak jasotzen».
Segidan, 14:00ak aldera, bazkaria egingo dute gaztetxean. Sarrerak salgai daude dagoeneko Orkatz eta Txarrantxa tabernetan. Langileek 12 euro ordaindu beharko dute, eta langabetuek, berriz, 8 euro. Bazkalostean, urteko errepaso bideoa eman eta baltsa jaitsierako sari-banaketa egingo dute. Hori guztia bukatutakoan, dultzaineroek, trikitilariek eta gaiteroek lagunduta, kalejira aldarrikatzailea egingo dute eta horrekin batera, ur jolasak. Gero, afari-merienda dute, eta kontzertuekin bukatuko dute Gaztetxearen urtemugak aurtengo festa.