Emakumeenganako indarkeria protokoloa aurkeztuko du udalak bihar

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 18a

Emakumeenganako indarkeria protokoloa aurkeztuko dute bihar, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Protokoloa Azpeitiko Udalak diseinatu du, beste hainbat erakunderekin batera, «emakumeenganako indarkeriaren biktimei arreta hobea emateko helburuarekin». Harreta hobea emateko, erakunde guztien arteko koordinazio eta jarduerarako neurriak jasotzen ditu protokoloak. Aurkezpen ekitaldian, diseinuan parte hartu duten erakunde bakoitzeko ordezkariek dokumentua sinatuko dute, eta, hala, protokoloan jasotakoa betetzeko konpromisoa agertuko dute. Honakoek sinatuko dute protokoloa: Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak, Udaltzaingoak, Parekidetasun Sailak, Ertzaintzak, anbulatorioak, Lanbidek, Gipuzkoako Foru Larrialdietako Zerbitzuek, Iraurgi ikastetxeak, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola DBH Ikastolak. Aitzindaria Azpeitiko Udala aitzindarietako bat izango da era honetako protokolo «zehatza eta zabala» sinatzeari dagokionean. Horregatik, herritar guztiak biharko aurkezpen ekitaldira gonbidatu ditu. Azpeitiko Emakume Mahaiaren arabera, bihar erakundeen artean sinatuko den protokoloak urteetako herriko mugimendu feministaren eskariari erantzungo dio: «Herriko mugimendu feministak urte askotan aldarrikatu  du udalak emakumeenganako indarkeria amaitzeko hartu beharreko neurrien artean protokolo bat onartu behar zuela». Bere garaian, Emakumeen Mahaiak bat egin zuen mugimendu feministaren aldarrikapenarekin.  «Prozesu luzea izan da, baina positiboki baloratzen dugu protokoloa diseinatu izana, eta orain zailena geratzen dela iruditzen zaigu; betetzea, alegia». Hala, erakundeei protokoloa betetzeko eskatu die, eta herritarrak biharko aurkezpen ekitaldira deitu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide