Mende laurdena, Julene Azpeitiaren oroimenez

Aritz Mutiozabal 2012ko uztailaren 18a

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 25. Julene Azpeitia Literatur Lehiaketa antolatu du, eta urtemuga biribilaren harira, hainbat ekitaldi egiteko asmoa dute udazkenean. Oraingoz, behintzat, uda sasoian sormenari bidea emateko, literatur lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu dute, oinarriak argitaratuz. Eta lanak irailaren 30a bitartean aurkeztu ahal izango dira. Lehiaketara aurkeztuko diren ipuinak euskaraz idatzita, originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute ezinbestean. Era berean, saririk edo literatur sormenerako laguntzaren bat jasotako idazlanak ezingo dute parte hartu. Jatorriz beste hizkuntza batean idatzi eta lehiaketarako euskaratutako lanik ez dute onartuko. Ipuinaren gaia librea izango da, eta gutxienez  6 orrialde eta eta gehienez ere 15 orrialde eduki beharko ditu; betiere, lerroarte bikoitzarekin, eta orriaren alde batetik bakarrik idatzia. Idazleek lan bakoitzaren lau ale aurkeztu beharko ditu Zumaiako Udalean. Aurkeztutako lanek izenburua bakarrik eramango dute agerian, eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun-azal itxi bat bidali beharko du parte-hartzaileak, kanpoaldean lanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen datu jakingarriak; hau da, izen-abizenak, telefonoa, sinadura eta NANaren fotokopia. Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu aurtengo irabazleak. Sari banaketa ekitaldia aurrerago emango dute jakitera antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide