Gipuzkoako Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du 26 urteko gizonezko batentzat. Zarauzko garaje batean marihuana landatzea egotzi dio. Ertzaintzak 24 landare aurkitu zituen aipatu garaje horretan, pasa den 2010eko urriaren 15ean. Akusatua garajearen sarreran atzeman zuten ertzainek, eta bertako atea irekitzeko eskatu zioten, gizonezkoaren “urduritasuna ikusita”.
24 marihuana landare topatu zituzten barruan, legez kanpoko merkatuan 650 euro inguru balioko luketenak. Horrez gain, landarea hezteko hainbat tresna aurkitu zuten, ongarriak, lanparak eta xiringak, besteak beste.
Fiskaltzak osasun publikoaren kontrako delitutzat jo du. Hori dela eta, 18 hilabeteko kartzela zigorra eta 1.300 euroko kalte ordaina eskatu du gaztearentzat.
