
Kontzertuekin girotutako afariak eta koktelak antolatu dituzte datozen asteetarako (Argazkia: Cristobal Balenciaga Museoa)
Uda iritsi da Cristobal Balenciaga Museora, eta iazko jardueren arrakasta ikusirik, aurten ere programazio interesgarria antolatu du. Didaktikotasuna eta aisialdia uztartuz, zinema emanaldiak, gustu guztientzako musika kontzertuak, tailerrak, afariak eta gau-parteko bisitaldiak izango dira abuztua bukaera arte.
Ostiralean eman zioten hasieraudako jardueren programazioari, zinema ziklo dibulgatibo batekin. Zikloa hiru film klasikoz osatuta dago, eta museoak bainujantzien bilakaerari eskainitako erakusketarekin bat eginez, bainujantzien modan oinarrituta daude. Emanaldiak uztaileko ostiraletan izango dira, 20:00etan, eta hurrengoan High Society emango dute.
Jazza, folka, klasikoa…
Musikak tarte berezia izango du aurtengoan ere. Lehen hitzordua datorren larunbatean, hilaren 21ean, izango da. Soirée Jazz ekitaldia antolatu dute; jazz musikari eskainita gaua, alegia. Afaria emango dute museoko atarian, eta gau-jaia Elkano Browing Cream taldeak girotuko du; eta, bide batez, museoko aretotan bisitaldi librea egin ahal izango da.
Jazzetik folk-rockara aldatuz, Simone White musikari hawaiarrak Silver silver diskoa aurkeztuko du uztailaren 29an. Gainera, Europan barma egitekoa den birako lehen emanaldia izango da. White-k abesteko modu berezia bezain delikatua du, eta bere konposioak hipnotiko samarrak dira.
Donostiako Musika Hamabostaldiak ere Balentziaga museoan izango du geltokietako bat. Abuztuaren 4an, hamar abeslari liriko profesionalek kontzertua eskainiko dute, Ana Luisa Chova irakaslearen gidaritzapean.Astebete geroago, abuztuaren 11n, Uda Festa egingo dute. Kasu honetan, musika klasikoak doinu dantzagarriei emango die lekukoa. Makala DJk musika jarriko du, eta parte-hartzaileek hondartzako arropa eraman beharko dute.
Eskaintza didaktikoa
Kultur ekitaldiez gain, haurrei eta helduei zuzenduta eskaintza didaktiko zabala egin du museoak. Horretarako hiru ikastaro antolatu ditu. Udako astelehenetan… murgil zaitez museoan! lelopean, bainujantzien erakusketan ikusgai dauden jantzietako batzuk modu ludikoan eta sortzailean aztertuko dituzte. Atzo ekin zioten, eta abuztuaren 27a bitartean, astelehenero egingo dute, 10:30etik 12:30era. Saio hauek haurrak modaren mundura gerturatzeko doako bisita-tailerrak dira.
Beste bi tailerrak helduentzat zein haurrentzat dira: bata, Dekora itzazu zure oihalkiak eta bestea, Ehun serigrafia deskubritzen. Oihalkien dekorazioan poltsak, elastikoak eta tankerako oihalkiak apainduko eta aldatuko dituzte, datorren larunbat goizean. Ehunetako serigrafia ikastaroa, berriz, abuztuaren 12an eta 25ean egingo dute. Tailerretako plaza mugatua da, eta izena didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com postara idatziz eman daiteke, edo 934-00 88 40 telefonora deituz.
———————————
Balentziaga museoko udako egitaraua
Uztailak 20, ostirala
-20:00etan. Zinema zikloa: High Society (Charles Walters, 1956). Sarrera: 3 euro.
Uztailak 21, larunbata
-10:30etik 12:30era. Dekora itzazu zure oihalkiak tailerra.
-21:00etan. Soirée Jazz ekitaldia, afaria Elkano Browing Cream taldeak girotuta. Sarrera: 50 euro, Ticketmaster.
Uztailak 23, Astelehena
-10:30etik 12:30era. Udako astelehenetan… Murgil zaitez museoan! tailerra haurrentzat; abuztuaren 27ara arte, astelehenero .
Uztailak 27, ostirala
-20:00etan. Zinema zikloa: The Little Hut (Mark Robson, 1957). Sarrera: 3 euro.
Uztailak 29, igandea
-21:00etan. Kontzertua: Simone White eta Naica. Sarrera: 13 euro, Ticketmaster.
Abuztuak 4, larunbata
-21:00etan. Gala lirikoa, Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan. Erakustaretoak zabalik eta afaria. Sarrera: 15 euro; 65 euro afariarekin.
Abuztuak 12, larunbata
-10:30etik 12:30era. Ehun serigrafia ezagutzen tailerra haurrentzat.
Abuztuak 11, larunbata
-22:00etan. Uda Festa, DJ Makalarekin. Erakustaretoak zabalik, koktela eta DJ saioa. Sarrera: 45 euro, Ticketmaster.
Abuztuak 25, larunbata
-10:30etik 12:30era. Ehun serigrafia ezagutzen tailerra helduentzat.