Azken egunotan Andoni Aristik eta Getariako EAJk hainbat komunikabidetan argitaratu dituzten salaketen aurrean, Getariako Udal Gobernuak hurrengoa adierazi nahi du:
Batetik, oso arriskutsua iruditzen zaigu berriro ere Udal Gobernuaren aurka egiteko Artzape herri aldizkaria tartean sartzea. Artzape aldizkaria herri proiektu bat baita, lehen egunetik gaurdaino euskararen aldeko lanean, talde politiko edo Udal Gobernu desberdinen aurrean guztiz independentea izan dena.
Artzape aldizkariak EAJren gutunak zentsuratu egiten dituela aipatzen du EAJk. Udal Gobernu bezala, ez zaigu iruditzen hori horrela denik, eta halako hitz gogorrak erabili aurretik, benetan hori horrela dela frogatzeko frogak izan behar direla uste dugu.
Hala ere, salaketa ez da horretan geratzen, zentsura honen atzean Getariako Udal Gobernua dagoela baieztatzen baitute Andonik Aristik eta EAJk. Hau da, Udal Gobernua dela Artzape-n zein artikulu argitaratu edo ez erabakitzen omen duena, eta ondorioz, EAJrenak ez argitaratzea agintzen duena.
Horren aurrean, Udal Gobernuak gogor salatu nahi du Aristiren eta EAJren jarrera. Guztiz gezurra da hori, Udal Gobernuak inoiz ez baitu Artzape aldizkariaren edukien inguruko inolako erabakirik hartu, ezta hartuko ere.
Inongo frogarik eta oinarririk gabe gaiztakeria eta zentzugabekerian soilik oinarrituz egindako salaketak dira Andoni Aristik eta EAJk egin dituztenak, aste honetako batzordean oso garbi geratu zen bezala. Oso salaketa gogorrak dira, euren uste edo irudipen hutsaletan soilik oinarritzen direnak.
Ez da justua, ezta etikoa ere, inolako frogarik gabe, hainbesteko mina eta nahasmena eragin dezaketen adierazpenak egitea. Horrez gain, Artzape aldizkariaren gaia agertzen den bakoitzean, Aristiren eta EAJ-ren erreakzioa beti da salaketa pertsonalak egitea Udal Gobernuko kideren baten aurka, Udal Gobernua eta Artzape-ren arteko nolabaiteko lotura faltsuak asmatuz. Dagoeneko hiru kideren aurka egin dute, eta aski dela uste dugu.
Edozein salaketa egin aurretik, ondo informatu eta argumentatzea ezinbestekoa da. Baina, beste behin, inolako fundamenturik gabe salatzearen aldeko apustua egin dute.
Akusazio hauen larritasuna ikusirik, batetik, Andoni Aristiri eta EAJri publikoki errektifikatzeko eskatzen diegu; eta bestetik, esan Udalak hartu beharreko neurriak hartuko dituela halakorik berriz gerta ez dadin.
Azkenik, adierazidagoeneko urtebete baino gehiago igaro dela Getariako herriak aldaketa bozkatu zuenetik. Horrenbestez, Aristik eta EAJk emaitza hori behingoz onartzeko garaia badutela iruditzen zaigu, eta orain arte gurekin izan duten jarrera mehatxatzailea eta oldarkorra aldatzekoa.
Aitor Irigoien Getariako Udal Gobernua. Getaria.