Imanol Aleson (24:05:35) azkoitiarrak, eta Jone Urkizuk (31:02:00), Azkoitian bizi den azpeitiarrak, bigarren postuan bukatu dute Ehun Miliak proba asteburuan. 2010ean mendi lasterketa hori bera irabazi zuen Alesonek. Dena den, aurten ez zuen espero horrelako emaitza, iazko urriaren 14an ebakuntza egin ziotelako hankan. Beraz, «oso gustura» dago egindakoarekin. Gizonezkoetan Aitor Lealek (23:26:55) irabazi zuen proba, eta emakumezkoetan Xari Adrianek (30:55:11).
«Gauzak ondo atera dira, eta gustura nago. Niretzat ezustekoa izan da. Aurten ez neukan irteteko asmorik ere. Mendian erori eta hankan min hartu nuen, eta joan den urrian ebakuntza egin zidatelako. Neguan ia ez dut ezer egin, baina nonbait atsedenaldiak mesede egin dit», adierazi dio Alesonek HITZA-ri. Etxekoek lasai egiteko eskatu zioten. «Eta pultsometroaren arabera, lasterketa hasi eta bukatu erritmo berean egin dut».
Ehun Miliak probaren ibilbidea «oso gogorra» dela dio. Gainera, eguraldi txarra egin zien. «Hotz handirik ez zuen egiten, baina euria bai, eta bidean lokatza eta harriak bustita zeuden. Hala ere, gauez gu egunero entrenatzen garen tokitik pasatu ginen, Izarraiztik, eta leku hori ondo ezagutzen dugunez, guretzako abantaila da, badakigulako nondik goazen», azaldu du azkoitiarrak.
Lasterketarako euria ez du batere gustukoa Alesonek, baina orain dela bi urte lehen postuan bukatu zuenean ere «antzeko eguraldia» izan zuten. «Euria ez zait gustatzen, baina orain bi urte ere lainoa eta euria izan genuen».
Berriro aurrena, hobe
Aurten irabazi duen garaikurra, orain bi urte irabazi zuen txapeldunarenaren ondoan jarri du etxean, eta alabei esan die hirugarren saria falta zaiola, podiumeko hirurak osatzeko. «Baina batek hala esan dit: Aita, hirugarrena baino, hobe da berriro aurrenekoa lortzea». Etxekoak eta inguruko taldea garrantzitsuak direla dio kirolari azkoitiarrak: «Horrelako probatan ibiltzeko lan eta entremendu asko egin behar da, baina norberaren lanaz gainera ingurukoena dago. Horregatik, nire amets honetan laguntzen didaten guztiei eskerrak eman beharrean nago».
Hurrengoa, Mont Blanc-ekoa
Aleson ez dago geldirik egoteko, eta dagoeneko beste ehun miliatako proba batean irteteko asmoa du. Abuztuaren 31ko Mont Blanc-eko proban parte hartuko du. «Munduko lasterketa onena da, txirrindularientzako Tourra bezalakoa. Probatzera joango gara, esperientzia berri bat izango da», dio.
Asteburuko proba eta Mont Blanc-ekoa desberdinak dira: «Frantziakoaren desnibela txikiagoa da, baina ibilbidearen zati handiena bi milatik gorako altueran egin behar da, eta ordu eta kilometro asko direnez oxigeno falta antzeman egiten da».
