Urola Kostako 30 langabetu kontratatuko ditu udal elkarteak urrian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko uztailaren 17a

Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko 30 langabetu enplegatuko ditu, Lanera kontratazioak programaren bitartez. 2011-2013 bitarteko Enplegu Planaren baitako ekimena da honakoa, eta eskualdearen gizarte ekonomia sustatu eta herritarren ongizatea areagotzea du helburu. Programa horren bidez, lana lortzeko herritarrek dituzten aukerak areagotuko dira, eta horretarako, kualifikazio maila baxuko zein altuko langabeak kontratatu. Guztira, lau lantalde edo brigada sortuko dituzte: eremu publikoen  mantentze lanei dagozkien bi talde (lorezaintza eta pintura) eta egitura arinen soldadura eta muntaketatarako eta euskara sustatzeko  brigada bana. Azken bi espezialitateak berriak dira. «Orain arte lorezaintza, pintura eta antzeko lanak egiteko brigadak sortu izan dira, orohar, kualifikazio baxuko langabeentzat», nabarmendu du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzetak: «Eskualdeko langabezia datuek, ordea, erakusten dute azken urteetan nabarmen hazi dela kualifikazio maila ertain eta altuko langabeen portzentaia». Horri erantzuteko sortu dituzte bi lantalde horiek. Jakinarazi duenez, egitura arinen soldadura eta muntaketako lantaldeak gizarte intereseko lanak egingo ditu mankomunitatearentzat zein udalentzat. Besteak beste, metalezko egitura arinak egin, konpondu eta berritzea izango da brigada horretako kideen betebeharra. Euskara sustatzeko lantaldeko langileek, berriz, mankomunitateko eta udaletako euskara zerbitzuen egitasmoetan parte hartuko dute, horiek indartu eta osatzeko. Besteak beste, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrean euskararen erabilera sustatzeko lanak egingo dituzte. Lanaldi osoko kontratuak Lorezaintzarako, pintaketarako eta soldadura eta muntaketarako enkargatu bana eta zortzina peoi kontratatuko dituzte; euskara sustatzeko, berriz, hiru langile laguntzaile. Guruzetak jakinarazi duenez, talde guztietako partaideak urriaren lehen hamabostaldian hasiko dira lanean. Lan kontratuak lanaldi osokoak izango dira: sei hilabeteko iraupena izango dute peoien kasuan, enkargatuen kasuan sei hilabete eta erdi, eta bederatzi hilabete eta erdi euskarako laguntzaileen kontratuek. Baldintzak Eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dute lanpostua eskuratu ahal izateko. Postu bakoitzak ezaugarri zehatzak ditu, baina zenbait orokorrak dira. Ildo horretatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzail gisa izena emanda egon beharko dute eskatzaileek. Horrekin batera, Aia, Getaria, Orio, Zarautz edo Zumaian erroldatuta egon beharko dute lanpostua lortu nahi dutenek. Enkargatuen kasuan, aldiz, Gipuzkoan erroldatuta egotea nahikoa izango da. Berdinketarik izanez gero, eskualdekoek izango dute lehentasuna, ordea. Hautaketa prozesuan parte hartzeko Urola Kostako Udal Elkarteako sarrera erregistroan (08:00-15:00 bitartean) aurkeztu beharko dira eskabidea eta oinarrietan zehaztutako dokumentu guztiak. Horretarako epea uztailaren 27an, ostiralean, amaituko da, 15:00etan. Zalantzaren bat izanez gero, 943-890808 telefono zenbakira deitu  edota idazkaritza@urolakosta.org helbidera mezua bidali dezakete interesa dutenek. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune www.urolakosta.org webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide