Zumaiako arraunlari eta arraunzaleentzat asteburu gazi-gozoa izan da pasa dena. Alde batetik, gizonezkoen traineruak larunbat beltza izan zuen, Galiziako O Grove herrian azken postuan sailkatu ondoren. Bestetik, Zumaia Salegi Jatetxea traineruak egun berean Gipuzkoako Emakumezkoen Traineruen Ligako 3. jardunaldiko bandera irabazi zuen Donostian, Getaria-Tolosa trainerua atzean utzi zuela.
Larunbat gogorra
Sentipen gazi-gozoari aurre egitea ezinbestekoa dela uste du Luis Mari Goikoetxea
Goiko Zumaiako Arraun Elkarteko lehendakariak, larunbateko estropadan kaleek zeresan handia izan zuelako lortutako emaitzetan. «3. eta 4. kaleetan arraunean egin genuen traineruok txandetako denborarik okerrenak egin genituen. Dena dela, jokua horrela da, eta onartu egin behar da. Igandean, berriz, denbora ona egin genuen; bigarren txandako Pedreña eta Astillero taldeak gure atzetik sailkatu ziren».
Zumaiako gizonezkoen traineruaren helburua, igandean Moañan egin zuten lanarekin jaraitu eta uztailaren 7an Portugaleten abiatu zuen bolada txarrari buelta ematea da. «11. postua gainditzea ezinbestekoa iruditzen zaigu orain, hori atzean utzita lana hobeto egiten baitute mutilek, presio gutxiagorekin. Ez da erraza izango, 6 puntuko aldea ateratzen digulako Pedreñak, baina horretan ahaleginduko gara. Gainera, ibaian jokatzen diren estropada gehienak amaitu dira eta itsasoan lan txukunagoa egingo dugula uste dugu».
Zumaiako neskak indartsu
Emakumezkoen arraun lehiari dagokionean, berriz, larunbatean Gipuzkoako Emakumezkoen Ligako Traineruen Ligako 3. jardunaldia jokatu zen. Zumaiarrentzat izan zen bandera eta taldeko ordezkariak oso gustura daude lortutako emaitzarekin. «Guk geuk ez genuen espero emakumezkoen traineruak
hain emaitza onak lortuko zituenik. Garrantzi handiko estropadak jokatu dituzte, aurrekoan denboralearekin ere oso ondo aritu ziren».
Aurrerantzean ere, azken estropadetan hartutako martxarekin jarraitzea gustatuko litzaieke zumaiarrei. «Nahiago nuke denboraldia horrela amaituko balitz, baina badakigu ez dela erraza izango. Beste taldeek ere hobera egingo dute estropadak igaro ahala, eta guk oraindik hobetzeko aukera handia badugu ere, uste dut aurrerantzean lehia politak izango direla emakumezkoen ligan», adierazi du Goikoetxeak.
Bosgarren bandera Oriora
KAE1 Ligari dagokionean oriotarrak emaitza paregabeak lortzen ari da, zazpi estropadetatik bost bandera irabaztea lortu baitute. Azken bandera larunbatean irabazi zuten eta ongi-etorri jendetsua egin ziete herrian.