Ekaindarren Eguna ospatuko dute igandean herriko kaleetan, eta horretarako buru-belarri ari dira prestatzen antolatzaileak. Zestoako Udalak jakinarazi duenez, lanak “oso aurreratuta” daude, baina Ekaindarren Eguna baino lehenago izango da ekitaldirik herrian; ostegunean, historiaurrearen inguruko filma eskainiko dute, 19:30ean, udaletxean.
Ekaindarren Eguna, ordea, igandean izango da, eta goizetik pintxi ibilbidea, kale animazio eta triki bertsoak eta mural pintaketak izango dira, besteak beste. Hala ere, ekitaldi nagusiak igande arratsaldean izango dira; 16:00etatik aurrera, umeentzako tailerrak egingo dituzte, eta margoak, sua eta ehiza uztartuko dute. Pottokekin ibilaldiak egiteko aukera ere izango dute haurrek, eta 17:00etatik aurrera historiaurreko jaurtiketa egingo dute; halaber, Zestoako Baunuetxeak eskainitako infusio berezia dastatzeko aukera ere izango da. Ohi bezala, Suaren etorrera antzeztuko du Ekaingo tribuak ondoren, eta 19:00etan burruntzian erretako arkume pintxoak eta Ekain sagardoa dastatzeko aukera izango da, Monik eta Eider trikitilarien saioarekin batera.
Ekaindarren Eguna Zestoako Udalak, Zestoan merkatari elkarteak, Arazi-Ekainberrik, Sastarrain Baserri Eskolak, Trosta zaldi elkarteak eta Zestoako Bainuetxeak antolatu dute.
