Ehunka erle pilatu dira eguerdian Berazako tabernako mahai batean. Udaltzaingoak gunea itxi eta Xanti Elola erlezaleak ohiko protokoloa abiatu du: erleentzat prestatutako kaxa mahaiaren ondoan jarri eta bertan sartzen utzi die. Jakinarazi duenez, gaur gauerako, 22:00ak alderako, guztiak sartuko dira kaxara. Erregina dagoeneko barruan dago, eta besteak pixkanaka-pixkanaka gerturatzen ari dira. Jende ugari bildu da, ikusminak erakarrita.
Elolaren arabera, urte garai honetan, eguraldi ona dela-eta, oso ohikoa da erleek beren bizitokia utzi eta beste baten bila hastea. Erle esploratzaileak irteten dira lehenbizi euren bizitokitik, eta leku egokia aurkitzen dute. Gaur Berazan agertu direnak, ordea, galduta zeuden erlezainaren arabera. Atzo Zumaian halako gertakariren bat jazo zela esan du Elolak.