Ostiralean amaituko da XXVIII. Basarri Sarira bertso paperak aurkezteko epea. Interesa dutenek Euskara zerbitzura (Kale Nagusia, 29) bideratu beharko dituzte lanak. Informazio gehiago eskuratzeko, bestalde, 943-005116 telefonora deitu edota euskaraz@zarautz.org helbidera mezua bidali beharko da.
Udalak urtero antolatzen du euskara suspertu eta bertsogintzari bultzada emateko aipatu lehiaketa. Jakinarazi duenez, parte-hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkez ditzake. Horietako bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan beharko ditu. Horrez gain, originalak, inoiz argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute. Gaia librea da.
Bertso paperok makinaz idatzita egon beharko dute, orriaren alde bakarrean eta bertsotik bertsora bi lerro zuri utziz. Era berean, lan originala eta horren kopia bat aurkeztu beharko da, izengoiti batekin sinatuta. Ez dira, ordea, posta elektronikoz bidalitako lanak onartuko. Aparteko gutun azal itxi batean eman beharko dira, egilearen izena, helbidea, telefonoa eta bestelako beharrezko informazioa zehaztuta. Gutun azalaren kanpoaldean izengoitia idatzi beharko da.
Aurreko urteetan bezala, bi sari banatuko dituzte: 1.100 euro irabazlearentzat eta 750 euro txapeldunordearentzat. Epaimahaiak irailaren lehen astean jakinaraziko du irabazlearen izena, Euskal Jaiaren baitan egingo duten Bertsolari Gazteen XXXVI. Txapelketan. Saritutako lanen jabetza udalaren esku geratuko da, eta sari banaketaren ostean, hamar urteko epean argitaratu