Andoni Ibarguren Aralarreko zinegotzi eta Aralar-Ezker Anitzako bozeramaileak «etapa bat amaitu» dela iragarri zuen atzo goizean: «Zinegotzi kargua uzten dut». Politika talde lanean eta elkarlanean ulertzen duela dio: «Elkarlanean eta norberatik hasita, era eraikitzailean ekarpenak eginez ulertzen dut. Modu horretan bide emankorra egin daitekeela sinetsita nago».
Azken urtean, zinegotzi gisa egin duen bigarren legealdian, ordea, ez duela hala ulertu, eta horrek kargua uztea erabakitzera bultzatu duela nabarmendu zuen. Duela hilabete eta erdi hasi zen horren inguruan hausnartzen, «hainbat xehetasun pilatu» zitzaizkiolako. «Pixkanaka-pixkanaka edalontzia betetzen joan da, eta azkenean irauli egin da». Aser Lertxundi zarauztarrak ordezkatuko du.
Herritarrei zuzendu zaie Ibarguren: «Herritarrei azaldu nahi diet ez dudala hobeto egiten jakin izan. Zaila da oso proiektuak aurrera eramatea etxe honetan, kontuan hartuta beste lau politiko talde politikoen proiektu ezberdinak daudela, eta askotan ezinezkoa dela norberak herritarrentzat ona edo egokia deritzona bultzatzea». Egoera hori esaera batekin laburbildu zuen: «Posible denaren artea da politika».
Pertsona «zoragarriak»
Bost urtean «pertsona zoragarriak» ezagutu dituela esanez hasi zuen prentsaurrekoa. «Urte hauetan asko ikasteko aukera izan dute eta esperientzia benetan aberasgarria izan dela aitortu nahi dut».
Eskertzeko pertsona asko dituela dio, baina batez ere koalizioko kide eta Zarauzko Udalean urteotan «bere ondoan» egon diren Mariana Aranburu eta Ubaldo Ortizi eman zizkien eskerrak. «Zuen kidetasun eta laguntzarik gabe, udaleko nire ibilbide motz hau ez litzateke hain aberasgarria. Horregatik, eskerrik asko Mariana eta eskerrik asko Ubaldo».
Horrez gain, udal kudeaketan ardurak partekatu dituzten lagunei—langileei zein zinegotziei—ere eman zizkien eskerrak Ibagurenek, «emandako laguntzagatik». «Aitortzen dut gaizki esanak egon direla, baina hauek baztertzea nahiko nuke oso mingarriak izan ez badira. Hala izan badira, aldiz, bihotzez diotsuet ez zela nire asmoa inor mintzea». Horrekin batera, «ongi esandakoak» gogoratzeko eskatu zien. «Eraikitzailea izatea izan da beti nire nahia».
Hala ere, bost urtean udalaren eta herri kudeaketaren inguruan «zer edo zer» ikasi duela esan zuen: «Udalean lan egiteak bestelako ikuspuntua ematen du. Taldearen interesetatik harago, herritarren ikuspuntutik hartzen dira erabakiak eta oso aberasgarria da hori». Hori dela eta, edonork laguntza behar badu «edozertarako hor egongo» da . Interesa dutenek andibaral@gmail.com helbide elektronikora idatzi diezaiokete.
Ziurrenik, ez da itzuliko
Azken urteotan bere familia «zertxobait baztertuta» izan duela gogoratu zuen. «Orain bikote eta alabarekin egon nahiko nuke». Ildo horretatik, ez du uste politikara itzuliko denik.
