Langileen batzar orokorra egin zuten atzo Corrugados Azpeitiako langileek, eta greba mugagabearekin jarraitzea erabaki dute. Gaur aurrera begirako antolakuntza prestatzen hasi aurretik «hausnarketarako eguna» dute langileek. Gaur hilabete beteko da greba hasi zutenetik eta igandean hilabete da greba mugagabea izango zela azaldu zutenetik.
Corrugados Azpeitia enpresaren zuzendaritzak hainbat murrizketa ezartzea erabaki ondoren hasi ziren langileak mobilizatzen. Zuzendaritzak ezarri nahi dituen murrizketak dira: 60 langile kaleratzea, eta tailerrean geldituko liratekeen 245 langileri urte bukaera arteko suspentsioko lana erregulatzeko txostena ezartzea, soldatak %35 jaistea eta urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea.
Zuzendaritzak erabakia hartu zuenetik, LAB eta ELAko langileen ordezkariek lau bilera izan dituzte enpresako ordezkariekin: hiru lan harremanen kontseiluan eta bestea lan delegaritzan. Bileretara, gaur egungo Corrugados Azpeitiako zuzendaritza ez dela agertu salatu dute Enpresa Batzordearen gehiengoa osatzen duten LAB eta ELAko ordezkariek; enpresako giza baliabideetako arduradun Iñigo Uribesalgo eta Adegiko Juan Ramon Apezetxearekin bildu dira. Horregatik, zuzendaritzaren dimisioa eskatu dute, «egoera honen aurrean aurpegirik ez dutelako eman».
Etorkizuna argitu gabe
Langileen bi sindikatuetako ordezkariak deitutako bilera denetara joan dira, «zuzendaritzak uste zuen, gu ez negoziatzeko posturan mantenduko ginela, baina gu hitz egiteko prest bileretara azaldu gara. Baina, etorkizuna argitu gabe zuzendaritzak ezarri nahi dituen neurriak ezin ditugu onartu».
Azpeitiko enpresaren arduradunek ezarri nahi dituzten neurriak «Espainiako merkatuan oinarritutakoak» direla kritikatu dute langileek, eta horrek etorkizunik ez duela uste dute. Gallardo Taldeko arduradun nagusiekin Madrilen egindako bileretan (iazko urrian eta aurtengo martxoan), Azpeitiko enpresaren etorkizuna esportazioan eta dibertsifikazioan dagoela adierazi diete langileen ordezkariei. «Eta, hemen, berriz, Espainiako merkatua kontutan hartuta ezarri nahi dituzte murrizketak».
Irtenbidea: inbertsore berria
Langileen arabera, aurrerago murrizketa gehiago egon daitezkeela onartu dute enpresariek. «Abenduan beste neurri batzuk hartu ditzaketela onartu dute bileretan. Enpresa bideragarria izateko langile gehiago kaleratu eta murrizketa gehiago egin beharko dituztela adierazi dute».
Azpeitiko tailerra «enpresa serio batek hartzea» da langilearen gehiengoak nahi duena. Corrugados Azpeitia «enpresa bideragarria eta konpetitiboa» delakoan daude LAB eta ELAko langileen ordezkariak, «azkenean, irtenbidea beste inbertsore baten eskutik etorriko da».
Atzo, Lan delegaritzan langileek bizi duten egoeraren berri eman zuten eta arrazoia eman zieten. «Lehen, enpresa itxiko zutela amenazu egin eta bost milioi euroko iruzurra egin zion enpresak Lan delegaritzari. Azken batean, Eusko Jaurlaritzak iruzurra egin digu, eta orain dakigun gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Azpeitiko alkateari esker da», diote langileek.
Bihartik aurrera langileen mobilizazioak «berrindartzeko» antolatuko dira. Enpresako LAB eta ELAko ordezkariak «erabat bat eginda» ari dira, «nahiz eta zatitzeko saiakerak izan diren».