Igandean inauguratuko dute Nuarbeko pilotaleku berria

Nerea Uranga 2012ko uztailaren 13a

Nuarbeko Trinitate festetarako Nuarbeko pilotaleku berria ia bukatuta zegoen, eta festetako hainbat ekitaldi bertan egin zuten. Baina, ofizialki igandean inauguratuko dute frontoi berria. Etzi, 11:30ean hasiko da frontoiaren inaugurazio ekitaldia. Dantzariak, zinta-mozketa eta pilota partida izango dira bertan. Pilotako norgehiagoka hasi aurretik, Xiriako Gurrutxaga nuarbetar pilotari ohiak ohorezko sakea aterako du. Ondoren,  Aizpuruk eta Etxanizek Murgiondo eta Otaegiren kontra jokatuko dute pilota partida. 2006. urtean egin zuten, Azpeitiko Udalaren erabakiz, Nuarben frontoia egiteko proiektua. Baina, pilotaleku berria egiteko obrak iazko urrian hasi zituzten. Baina, igandean Nuarben pilotaleku berriaren inauguratzeaz gainera Erretiratuen Eguna ospatuko dute. Erretiratuen Eguna Nuarbeko Erretiratuen Egunaren baitan,11:00etan meza izango da auzoko elizan. Gero, hamaiketakoa izango dute. Urtero bezala, erretiratuak bazkaltzeko, Nahigenduena elkartean bilduko dira. Nuarbeko erretiratuen bazkarian parte hartu nahi dutenek izena emateko azken eguna gaur izango da. Izena emateko 943-811955 telefono zenbakira deitu beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide