Bruño ahizpen kontrako zigorrari eusteko eskatu du Auzitegi Goreneko Fiskaltzak

Urola Kostako Hitza 2012ko uztailaren 12a

Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak iazko uztailean Auzitegi Nazionalak Blanca eta Maribel Bruño ahizpei jarritako zigorrari eusteko eskatu zuen atzoko saioan. Auzitegi Nazionalak urtebete eta hiru hilabeteko kartzela zigorra, hiru urte eta sei hilabeteko erabateko inhabilitazioa, eta 7.500 euroko isuna ezarri zien Bruño ahizpei, 2003 eta 2006 urte bitartean ETAri 6.000 euro eman izanagatik. Horren aurrean, helegitea jarri zuten oriotarren abokatuek Espainiako Auzitegi Gorenean.
Fiskaltzak gogoratu Auzitegi Nazionalak erakunde armatuarekin elkarlanean aritu zirela ebatzi zuela, eta horretarako «froga» Frantzian topatu zuela, ustezko ETAko kide batzuen etxean; erakunde armatuaren «eskertza gutuna», Auzitegi Nazionalaren arabera. Fiskalak adierazi du Auzitegi Nazionalak ez zuela «aurreiritzirik» izan epaia ematerakoan, bi ahizpek ezker abertzalearekin izan dute gertutasuna dela medio. Hain zuzen, hori da Bruño ahizpen abokatuek argudiatu dutena, helegitea aurkezterakoan. Blancak Aukera Guztiak taldearen alde sinatu zuen, eta Maribel 1999. urtean Euskal Herritarrok alderdiko hautagai izan zen.
Bi gertakari horiei helduta, Auzitegi Nazionalak Bruño ahizpen «ideologia askatasuna urratu» duela salatu du defentsak, ETArekin harremanetan jartzeko ezgautzak zituztela leporatu dietenean.
Ahizpen «errugabetasuna»
Bruñoren abokatuen arabera, Frantzian aurkitutako eskutitza ez da erakunde armatuari 6.000 euro ordaindu izanaren «froga», eta «egiazkotasuna» ez da frogatu. Defentsaren esanetan, Poliziak izan zuen «susmo bakarra» 2007an bankuan egin zuten 7.000 euroko mugimendua izan zen. Gero Andres Bruñok, Blanca eta Maribelen aitak, itzuli zien dirua; «ohiko mugumendua, itsaski enpresa batentzat». 1980an Andres Bruñok ETAren gutun bat jaso zuela salatu, eta ez zela «xantaian» eroriko jakinarazi zuen; hala gogoratu dute abokatuek.
Fiskaltzak hasiera batean bost urteko kartzela zigorra eskatuzuen, baina Auzitegi Nazionalak  zigor osoa bete ez zezatela erabaki zuen, «gainditu ezineko beldurra» izan zutela balioetsita. Defentsak, berriz, zigor osoa bertan behera uzteko eskatu du, beldur hori bera aintzat hartuta. Fiskalak adierazi du neurria «egokia» dela, «estortsioa» bizi baino, Bruño ahizpak «presiopean elkarlanean aritu» zirelakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide