
Andoni Ibarguren, gaur goizean, bere erabakiaren arrazoiak ematen prentsari (Argazkilaria: Amaia Ventas)
Andoni Ibarguren Aralarreko zinegotzi eta Aralar-Ezker Anitzako bozeramaileak “etapa bat amaitu” dela iragarri du gaur goizean: “Zinegotzi kargua uzten dut”. Politika talde lanean eta elkarlanean ulertzen duela dio: “Elkarlanean eta norberatik hasita, era eraikitzailean ekarpenak eginez ulertzen dut politika. Modu horretan bide emankorra egin daitekeela sinetsita nago”. Azken urtean, zinegotzi gisa egin duen bigarren legealdian, ordea, ez duela hala ulertu eta horrek kargua uztea erabakitzera bultzatu duela nabarmendu du. Duela hilabete eta erdi hasi zen horren inguruan hausnartzen, “hainbat detaile pilatu” zitzaizkiolako: “Pixkanaka-pixkanaka edalontzia betetzen joan da eta azkenean irauli egin da”. Aser Lertxundik ordezkatuko du.
Herritarrei zuzendu zaie Ibarguren: “Herritarrei azaldu nahi diet ez dudala hobeto egiten jakin izan. Zaila da oso proiektuak aurrera eramatea etxe honetan, kontuan hartuta beste lau talde politikoen proiektuak daudela eta askotan ezinezkoa dela norberak herritarrentzat ona edo egokia deritzona bultzatzea”. Egoera hori esaera batekin laburbildu du: Posible denaren artea da politika.
Pertsona zoragarriak
Bost urtean “pertsona zoragarriak” ezagutu dituela esanez hasi du prentsaurrekoa: “Urte hauetan asko ikasteko aukera izan dut eta esperientzia benetan aberasgarria izan dela aitortu nahi dut”. Eskertzeko pertsona asko dituela dio, baina batez ere, koalizioko kide eta Udalean “berekin” egon diren Mariana Aranburu eta Ubaldo Ortizi eman dizkie eskerrak: “Zuen kidetasun eta laguntzarik gabe, Udaleko nire ibilbide motz hau ez litzateke hain aberasgarria izango. Horregatik, eskerrik asko Mariana eta Ubaldo”.
Horrez gain, udal kudeaketan ardurak partekatu dituzten lagunei -langileei zein zinegotziei- ere eman dizkie eskerrak Ibagurenek, “emandako laguntzagatik”: “Aitortzen dut gaizki esanak egon direla, baina hauek baztertzea nahiko nuke oso mingarriak izan ez badira, behinik behin. Hala izan badira bihotzez diotsuet ez zela nire asmoa inor mintzea”. Horrekin batera, “ongi esandakoak” gogoratzeko eskatu die: “Eraikitzailea izatea izan da beti nire nahia”.
Asko ikasi du
Hala ere, bost urtetan udalaren eta herri kudeaketaren inguruan “zer edo zer” ikasi duela esan du: “Udalean lan egiteak bestelako ikuspuntua ematen du. Taldearen interesetatik harago, herritarren ikuspuntutik hartzen dira erabakiak eta oso aberasgarria da hori”. Hori dela eta, edonork laguntza behar badu “edozertarako hor egongo” da Ibarguren. Interesa dutenek andibaral@gmail.com helbide elektronikora idatzi diezaiokete.
Azken urteotan bere familia zerbait baztertuta izan duela gogoratu du: “Orain bikote eta alabarekin egon nahiko nuke”.