Kapoeiraren erritmoan mugituko dira asteburuan, Zumaian

Aritz Mutiozabal 2012ko uztailaren 11

Kapoeiraren eta Brasilgo kulturaren inguruan hainbat jarduera antolatzen ditu Senzala Euskadi  taldeak urtean osoan. Ikasturte amaiaera moduan, Udako Topagunea antolatu ohi zuen urtero Zarauzten. Aurten, ordea, Zumaia aukeratu dute bizikidetzarako gune gisa; Villa Luz aterpetxean bilduko dira ostiraletik igandera arte. «Egoitzetako bat Zumaian dugunez, herrira ekarri nahi izan dugu ekimena», adierazi du Senzalako arduradun Igor Ezpeletak.

Egitasmoa tokiz aldatu badute ere, betiko programa jarraituko dute, kapoeirako maisu adituen eskutik: dantza afrikarren ikastaroak, kapoeira rodak eta joga ikastaroak. Ostiraleko saioa Lubaki kiroldegian egingo dute, eta larunbateakoa eta igandekoa, berriz, Maria eta Jose ikastetxean; eguraldi ona egingo balu, kalera atera edo hondartzara joango lirateke. Aurtengo parte-hartze kopurua azken urtetakoa baino txikiagoa izango da; 60 lagun ingurukoa, alegia. «Zumaiako aterpetxea txikiagoa denez, ezin genuen sekulako topaketa antolatu. Nolabait esateko, mugatu egin dugu partaidetza», dio Ezpeletak. Dena dela, kopurua murriztuta «ikastaroei probetxu gehiago» atera ahal izango dietela espero du: «Bestela, taldetxotan biltzen zen jendea, eta horrela guztiok talde bezala funtziontzeko asmoa dugu».

Festa brasildarra Kapoeiraren inguruko topagune bat ezin daiteke ulertu festa brasildarrik gabe. Festa bat gutxi balitz, Senzala Euskadik bi antolatu ditu aurten; bata ostiralean egingo dute, Arrasaten, eta bestea, larunbatean, Zumaiako Itzurun hondartzan. «Ekitaldia guztiz irekia da. Garrantzitsua iruditzen zaigu hiru egun hauetan lantzen duguna, gure artean ez ezik, herritarrekin partekatzea. Gainera, sekulako giroa sortzen da», dio kapoeira elkarteko arduradunak.

Itzurungo festa brasildarrari 22:30ean emango diote hasiera; eguraldi txarra eginez gero, Torreberri gaztetxera aldatuko lukete. Ekitaldian, besteak beste, musika brasildarraz, makulele eta kapoeira erakustaldiez eta su ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute, baita caipirinha dastatzeko parada ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide